Oiartzun
50.000 euro bideratu ditu Udalak lehen sektorea babestekoZabalik dago dirulaguntzak eskatzeko epea, abenduaren 1era arte
Udalak lehen sektorea indartzera bideratutako laguntza programa jarri du berriz martxan. 50.000 euro banatuko ditu aurten ere herriko nekazari eta abeltzainen artean, urtean zehar izan dituzten gastuak ordaintzen laguntzeko. Tokiko ekoizleen jarduera ekonomikoa sendotzen eta sektoreak bizi duen egoera zailari arnasa ematen lagundu nahi du Udalak dirulaguntza lerroarekin. Ekoizpenaren jarraipena eta iraunkortasuna bermatu nahi ditu.
Laguntzak ustiategiaren tamainaren eta aurkeztutako gastuen arabera banatuko dira, eta 1.000 eta 2.000 euro arteko diru kopuruak jaso ahal izango dira.
Deialdi honen bidez urtean zehar sortutako gastuak estaltzeko aukera izango dute profesionalek, besteak beste: ustiategietan egindako inbertsio eta hobekuntzak; baserritarren lan baldintzak hobetzeko ekimenak; lur abandonatuetan jarduera berreskuratzeko lanak; makineria eta ekipamendu berriak erostea; baratze eta lorezaintza intentsiborako azpiegiturak; berrikuntza teknologikoa edo belaunaldi erreleboa sustatzeko azterketak eta aholkularitza lanak; ekoizpen ekologikoa sustatzeko proiektuak; albaitaritza zerbitzuekin lotutako gastuak; eta ura, bazka eta pentsuen ordainketa bezalako gastu arruntak.
Eskaerak abenduaren 1era arte aurkeztu daitezke, bai erregistro elektronikoaren bidez bai Herritarren Arreta Zerbitzuan. Deialdiaren oinarriak eta beharrezko dokumentuak Oiartzungo Udalaren webguneko Iragarki Taula – Dirulaguntzak atalean kontsultatu daitezke.