2019ko aurrekontua behin-behinean onartu du Oiartzungo Udalak

Azaroko ohiko udalbatza izan da aste honetan. /  GARAÑO
Azaroko ohiko udalbatza izan da aste honetan. / GARAÑO

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako artelan bat Fermiñenen jartzearen aurrean abstenitu egin da EAJ

GARAÑO OIARTZUN.

Azaroko ohiko udalbatzarra izan zen herenegun. Zinegotziek (EH Bildu eta EAJ) aho batez onartu zuten Euskararen Nazioarteko Egunaren harira EH Bilduk aurkeztutako mozioa. Hala izan zen, baita ere, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira Gobernu Taldeko koalizioak aurkeztutako mozioarekin. Udal gisa, zenbait konpromiso hartu dira: indarkeriaren kontrako zerbitzuei buruz informatzea; emakumeen jabekuntza sustatzea; nerabe eta gazteak berdintasunean eraikitako harremanen inguruan sentsibilizatzea; udaleko sail guztietan genero ikuspegia txertatzea; hezkidetza programak lantzea herri mailan; mugimendu feministarekin elkarlanean jarraitzea...

Ez zen hala gertatu herriko mugimendu feministak iazko azaroaren 25eko ekitaldian Idoia Beratarbide eta Ane Narbarte herriko artistek eta herritarrek sortutako hiloramaren erreplika Fermiñeneko horman jartzeko egindako eskaerarekin. Gobernu Taldeak babestuta jarriko da, baina EAJ abstenitu egin zen «espazio publikoa herritar guztiek bere sentitu behar dutelako, neutroak izan behar dute. Lan hori artea da, baina atzean ideologia bat dauka eta borroka baten ikurra da. Ez du agertu beharrik herritarren egunerokoan».

Agurtzane Lekuona Feminismo zinegotziak EAJri «asko tristatu» zuela esan zien. «Indarkeria matxista ez da puntuala, egunerokoa da eta gizarteari gogorarazi behar diogu hala dela. Gainera, herriak egindako lan bat herriari bueltatu nahi izan dio mugimendu feministak».

Aurrekontuak aurrera

2019ko aurrekontua ere onartu zen behin-behinean. 17.325.000 euro izango ditu Oiartzungo Udalak. Horietako 1.300.000 euro herri ekipamenduetara bideratuko dira (Mendiburu 14 eraikina, Arizmendi-enea...); 150.000 euro poligonoetako estrategia industrialera; 200.000 euro oinezko bide eta errepideen mantenura; 150.000 euro auzoetara; 50.000 euro herribideen mantenura; 40.000 euro argiteriaren iraunkortasun energetikora... Euskara, Kultura eta Kirol sailetako partidak mantendu egingo dira eta Feminismo saila sendotu (120.000 euroko ekarpena). Gizarte-Ongizate sailera ere diru gehiago bideratuko da datorren urtean, etxez etxeko zerbitzua zabaldu ahal izateko.

Jexux Leonet alkateak aurrekontua onartu aurretik egin den prozesu parte-hartzailea gogora ekarri zuen eta auzo batzarretan izandako jarrera «eskertu» zuen. EAJren proposamenak ere aztertu «eta ahal izan direnak kontuan hartu» direla adierazi zuen.

EAJ abstenitu egin zen. «Nahiz eta proiektuak badauden eta gauza asko egin diren, Urkabe Baita izan da legegintzaldi honetako gure aldarrikapen nagusia eta ez dugu ikusi ezer egin denik. Bestetik, Hondakinen Batzordea sortu zen eta ikusi duguna da Oiartzunek hondakinen politika berretsi duelako».

Leonet alkateak erantzun zuen: «Lehentasunak jarri dira herriaren beharrei erantzuteko eta horien araberako inbertsioak egin ditugu. Planeamenduaren arabera Urkabe Baitan egin daitekeena aztertzen ari gara». Bestetik, EAJri gogora ekarri zion hondakinen inguruko ekarpenik ez dutela egin beraien aurrekontuen proposamenean. «Oiartzunen %85a birziklatzen dugu. Zergatik aldatuko dugu ongi egiten duguna?».

Protokolo gastuak

Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartu zen aho batez datozen hiru urteetarako eta, gizarte-bazterkeria arriskuan dauden familia eta norbanakoentzako diru-laguntzak ere bai. Oiartzungo udaltzaingoak Eusko Jaurlaritzako Barne saileko eta DGTko datu-baseetara sarrera izan dezan hitzarmena onartu zen, aho batez.

Hondakinen arloan, Errenteriako Udalarekin hitzarmena onartu zen. Honela, Errenteriako landa-eremuko zenbait baserritako bizilagunek, hurbiltasunarengatik, euren hondakinak Zerradiko aportazio-gunean uzteko aukera izango dute. Gauza bera egingo dute Oiartzungo baserri batzuek, Zentolengo aportazio gunean.

Oiartzungo Bake Epaile Pilar Iparragirre izendatzea ere onartu zen, aurretik izendatutakoaren errenuntziaren ostean.

Más

 

Fotos

Vídeos