III. Intxixu Trail 2016, Oiartzungo Mendi lasterketa igandean

III. Intxixu Trail 2016, Oiartzungo Mendi lasterketa igandean

Orain arteko lasterketaz gain, anaia handia ere izango du aurtengo edizioak

GOIZARIN

Datorren igandean, hilak 12, ospatuko da III. Intxixu Trail 2016, Oiartzungo Mendi Lasterketa, Intxixu Trail - Girizia MLTko kideek antolatuta. Hirugarren edizioan, bi ibilaldi eder izango dira aukeran: motza eta luzea.

Lehenengo lasterketak 15,5 km ditu bere baitan eta 760m-ko igoera positiboa. Aiako Harria parke naturalaren beheko aldean murgilduko dira korrikalariak, Oieleku baso magikoa zeharkatuz baita bertako erreka txoko ezkutuak ezagutuz ere.

29,5km inguru eta 1.700m positibo izango ditu, berriz, bigarrenak eta Oiartzungo bailarari kaskoz kasko emango dio buelta. Izan ere, Oiartzungo mendi garaienak zeharkatuko ditu, hala nola: Munanier (780m), Bianditz (816m) eta Errolbide, Aiako Harriko tontorrik altuena, (836m). Arditurri meategi ingurua ere ezagutuko dute korrikalariek. Gailur horietatik ikusmira ezin ederragoaz gozatzeko aukera izango dute: Frantziako Landak, iparraldean; Bizkaia aldea, mendebaldean; Nafarroako Pirinioak, ekialdean; eta Aralar, hegoaldera. Haren luzera eta desnibela kontutan hartuz gero, korrikalari zailduentzat egokia izango da. Goizeko 09:00etan emango zaio hasiera ibilaldi luzeari, Ergoien auzotik; motzari, berriz, 10:00etan. Haur eta gazteen lasterketaren txanda izango da 10:15ean.

Sari potoloak

Intxixu Trail lasterketa duela hiru urte jaio zen, 2014an. Lehenengo edizioan 200 korrikalarik parte hartu zuten. Bigarren edizioan, 2015ean, ibilaldiko 300m aldatu ziren hobetzeko asmoz eta 300 lagunek lehiatu zuten. Aurten 350 korrikalari espero dira.

Sariak ere ez dira nolanahikoak lehen hiru emakumezko eta gizonezkoentzat: txapela jasoko du lehengoak, garaikurra bana bigarrenak eta hirugarrenak. Garaikurra jasoko du baita lehen oiartzuar gizonezko nahiz emakumeak.

Maiatzeko azken igandean, Intxixu Trail-Girizia MLTko kideek  egindako deialdira animatu ziren korrikalariek aurtengo Intxixu Traileko ibilbideak ezagutu zituzten. Ergoien auzoko Uztapide plazan elkartu ondoren, Aiako Harria Parke Naturaleko txokoak ikusi zituzten taldean.

 

Fotos

Vídeos