1936ko altxamendu militarraren errepresioa genero ikuspuntutik

Aukera paregabea izango da uztailaren 22an guztia sakonean lantzeko Aranzadiren eskutik

GOIZARINOIARTZUN.

Uztailaren 22an Oiartzungo Udal Pleno Aretoan, 19:00etan hitzaldia emango dute 1936ko altxamendu faxistan Oiartzunen gertatutakoa ezagutzeko. Gainera, gertatutakoa genero ikuspuntuarekin uztartuko dute. Lourdes Herrasti izango da hizlaria, Aranzadi zientzia elkarteko kidea den antropologoa. Kattin Ttiki, Torri Gukin eta Azmarrin taldeak arduratu dira antolakuntzaz.

Kattin Ttiki taldeak osatu duen 'Oroimenaren harra' unitate didaktiko berria ere hizketagai izango da ekitaldi berean. Aiako Harria Gaztelumendik aurkeztuko ditu proiektuaren nondik norakoak. Egitasmo honen helburua herriko gaztetxoei garai hartan gertatutakoaren berri ematea da, frankismo garaian haien aiton-amonak bizitutakoa ezagutzea ezinbestekoa dela deritzote eta.

Gazteek orokorrean iraganeko gertakarien inguruan ezjakintasun handi dutela ikusita, belaunaldi berriak iraganera gerturatzeko asmoa dute. Horretarako, datorren ikasturtean DBHko Oiartzungo ikasleekin lanketa berezia egingo dute.