10301 elkartasun keinuaren amaierako egun solidarioa

Haurtzaroko gaztetxoek ere bat egin zuten 10301 elkartasun keinu proiektuarekin.
/GOIZARIN
Haurtzaroko gaztetxoek ere bat egin zuten 10301 elkartasun keinu proiektuarekin. / GOIZARIN

Haurtzaro Ikastolako gaztetxoek azoka solidarioarekin bat egin dute proiektuarekin

GOIZARINDVOIARTZUN@HOTAMAIL.COM OIARTZUN.

Atzoko ekimenekin eman zitzaion amaiera 10301 elkartasun keinu proiektuari. Apirilean zehar burututako ekimenek izan zuten atzo bukaerako egun solidarioa. «Hilabetean zehar aurrera eramandako ekintza guztien ondoren amaitzen dugu 10301 Elkartasun Keinu egitasmoa. Lanketa hau hasi besterik ez dela egin jakin arren, harro gaude bai gure lanarekin baita ere gure herriaz jaso dugun erantzunarekin eta hala helarazi nahi izan dugu», adierazi dute proiektuko kideek.

Egun aproposa izan zen atzokoa ere elkartasun keinuz betetzeko. Goizean, Doneztebe plazan hamarnaka korrikalari elkartu ziren 10301 elkartasun pausu emateko gogoz. Herriko ttikiek egin zuten aurreneko korrikaldia; eta gazteak, gurasoak, aiton-amonak ibili ziren gero 1,7 km-ko ibilaldia osatzen, proiektuari babesa emateko gogoz.

Haurtzaro Ikastolako LH 6. mailako ikasle eta irakasleek ere ez zuten huts egin eta propio prestaturiko azoka solidarioa jarri zuten plazan proiektuarekin bat eginez eta euren ekarpena egiteko asmoz. Eta eguerdi partean, paellada erraldoiak eman zion jarraipena eguneko egitarauari. Elorsoro kiroldegian burutu zen festa gero.

Bazkaloste musikatuarekin jarraitu zuen festak arratsaldean. Endika Loiola eta Lur Gaztelumendi bikoteak eta Eñaut eta Malen Elizasu anai-arrebak euren kontzertua eskaini zuten bertan bildutakoen gozamenerako. Festa egunak amaiera izan zuen Gaztetxean, ordu txikitan.