Gipuzkoa Bertsotan saioa hartuko du gaur arratsaldean Gezala Auditoriumak

Gipuzkoa Bertsotan saioa hartuko du gaur arratsaldean Gezala Auditoriumak

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen faseko atala da eta arratsaldeko 17:00etan hasiko da

M. P. LEZO.

Gipuzkoa Bertsotan bertso saioa hartuko du gaur arratsaldean (17:00etan) Gezala Auditoriumak. Ekimen hau udazkenean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea da.

Orotara 84 parte hartzaile izango ditu sailkapen faseak. Horiekin batera, hamabost gai jartzaile, hemezortzi epaile, hiru idazkari eta beste hamaika kide arituko dira antolakuntza lanetan. Maiatzaren 4tik 25era hamalau saio jokatuko dira, hamalau herri desberdinetan -asteburu honetan, Lezoz gain, beste hiru sailkapen saio egingo dituzte Mutrikun, Berastegin eta Altzon-. Ordu berean, arratsaldeko 17:00etan, bi saio izango dira.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Lezoko Udalarekin elkarlanean antolatu duen saioan sei bertsolariek parte hartuko dute. Honakoak dira: Antton Aizpurua, Maialen Akizu, Jon Gurrutxaga, Asier Ibarguren, Iñigo Izagirre eta Unai Mendizabal. Aurkezlea, berriz, Ane Ezenarro izango da.

Egin beharreko lana

Bertsolariek egin beharreko lanak hauek izango dira: binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso; bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, bina bertso; bakarka, gaia emanda, nahi duten doinu eta neurrian, bina bertso; eta kartzelako lana (binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso).

Sarrerak 7 eta 5 eurotan (bazkide eta gazteentzako) egongo dira eta saioaren egun berean salduko dira, aretoko leihatilan, 16:00etatik aurrera.