Xixilio Maritxalar: «Umeen inozentzia hori paregabea da. Gero kontaminatu egiten gara»

Hamazazpi urte darama Maritxalarrek Olentzeroaren paperan sartzen./ARIZMENDI
Hamazazpi urte darama Maritxalarrek Olentzeroaren paperan sartzen. / ARIZMENDI

Abenduaren 23an ospatzen den Olentzero eta Mari Domingiren jaitsiera nola prestatzen den kontatu du Maritxalarrek

MIKEL PÉREZERRENTERIA.

Erraza da Xixilio Maritxalar herriko saltsa ugaritan sartuta ikustea. Mintzalagun taldeetan, Bertso Eskolan edo Oarsoarrak ekimen inguruan aritzen da beti. Baina Xixilio ez da bakarrik, ordea, Lau Haizetarako presidentea, Olentzero eta Mari Domingiren lantaldeko kidea ere bada.

-Nola sortu zen zu Olentzero bezala agertzeko ideia?

-Lau Haizetara elkarteak denboraren poderioz gauza berri batzuk atera behar zituen, lehen ez zeudenak. Adibidez, kantujira, hamaika urte daramala. Ni sartu nintzenean Lau Haizetaran ez zegoen Olentzerorik. AEK-ak bakarrik egiten zuen abenduaren 25ean. 2002an gu hasi ginen, ibilbide berdinarekin, baina ikusi genuen hori ez zela posible eta hurrengo urtean 24ean egitea erabaki genuen. 2003, 2004 eta 2005ean hala egin genuen, baina konturatu ginen beste Olentzeroarekin biltzen ginela eta ez zegoela espaziorik. Orduan, abenduaren 23ra aurreratzea erabaki genuen eta hori aldaketa puntu bat izan zen. Ikusten genuen gero eta jende gehiago agertzen zela eta emandako pausoa egokia zela.

«Zorionez, Mari Domingirekin parekotasun bat lortu egin da»

-Dinamika hortan hasita, nola izan da funtzionamendua?

-Eskoletara gutunak eramaten genituen, dena itxiak. Orain ere hala egiten dugu. Hor barruan kartulina bat doa, umeak betetzeko eta gurasoentzako gutun bat, euskaraz eta gazteleraz. Gaur egun, Udalari esker, %25eko deskontu txartel bat ere sartzen dugu liburu-dendetan erabiltzeko. Gero, denboraren poderioz, ekitaldia aberastuz joan da. Parte-hartzaiel kopuruak gora egin du, Iraultza Dantza Taldearekin lan egiten hasi ginen eta 2006an Mari Domingi figura sartu egin zen.

-Mari Domingi figura hori, zergatik hasi zen agertzen?

-Pentsatu genuen polita izango zela Olentzerok ondoan emakume bat izatea, baina konkretatu gabe. Ez emaztea, ezta bizilaguna, laguna edo ez dakit zer, hor geratzen da, ambiguedadean. Baina ezer baino gehiago parekotasuna bilatzeko, modu batean emakumeari protagonismoa emateko. Egia da hasieran paper dekoratibo bat jokatu zuela, umeek Olentzerori eskatzen zizkiotelako opariak, baina gero beste modu batean egin genuen. Oholtzara igotzeko orduan, Olentzero edo Mari Domingirekin, bata ala bestearekin, geratzen ziren haurrak, derrigorrez, eta horrek ematen zion parekotasun balore bat. Eta gainera prozesu guztia azkarrago egiten zen.

-Kasu honetan, urteak pasata, ikusi duzue umeek Mari Domingirekin egotea eskatzen dutela?

-Bai. Hori zorionez lortu da. Gertatu izan zait zenbait ume nirengana etorri (Olentzero bezala) eta planto egitea, esanez 'ez, ez, ni Mari Domingirekin'. Orain dela hamar urte hori 'sakrilegioa' izango zen, baina zorionez figura balorean jarri da.

-Denborarekin, arropa eta oholtza aberastuz joan dira, ezta?

-Bai, noski. Olentzeroaren arropak aberastu egin dira, Mari Domingiren trajea ere oso polita eta ondo egina da... eta hemen azpimarratu nahi dut Iraultza Dantza Taldeko Ramon Garciak egindako lana. Berak egin zituen Olentzeroren zenbait pieza, txalekoa adibidez, eta Mari Domingiren trajea goitik behera. Eta dena musutruk egin zuen. Hemendik eskertzen diot Olentzero eta Mari Domingiren ekimenaren alde egin duena.

-Kolaborazio honi eusten diozue?

-Arropak mantentzen dira, baina azkenean, nekeak hartuta, bukatu egin zen harreman hori. Hala ere, hurrengo urterako proiektu bat daukat buruan. Agian 'hankapalo' batzuk egitea eta harremana jarrai-tzea, berak egin ditzan presarik gabe, komitiba aberastuz. Bestalde, Errenkoalde elkartearekin harremana ere mantendu egin dugu. Ikusten genuen hasieran gure kartelak hain erakargarriak zirela jendeak kaleetik hartu egiten zituela. Orduan erabaki genuen kartela, Errenkoalderen bidez, herriko saltokietara eramatea, beraiek barruko aldetik jarri zitzaten.

-Eta gainera herritik kanpoan dauden umeei euren gutuna izateko aukera ematen die Errenkoaldek...

-Hori da. Guk herriko eskoletan eta haurtzaindegietan banatzen ditugu, baina hor ez daude ume guztiak. Gerta daiteke batzuk kanpoan ikasten ari direla eta horiek ere badaukate eskubide hori.

-Abenduren 23an zein elementu topatu ditzakegu konpartsan edo oholtzan?

-Musika Eskolarekin lan egiten dugu, ekitaldia aberastuz. Dantzariak, txistulariak, trikitilariak eta Musika Banda gaztea aritzen dir agurekin. Eta gero, hogeitaka saltokik herrian telebista bat jartzen dute Olentzeroren bideo batzuk eskaintzeko. Halaber, Deikagest aroztegiko lagunek prestatu dute aurtengo eholtzaren dekorazioa.

-Pertsonalki, paperean sartzeko prestatzen al zara?

-Bere garaian, 2002an, aurrerapuaso bat eman nuenean, beldur eszenikoa baztertu behar nuela pentsatu nuen. Egin behar da eta egiten da, pentsatuz. Garai hartan oso ekitaldi xumea zen. Gaur egun, eszenografiak eta bestelakoek asko laguntzen dute. Bi astorekin hasi genuen, gero traktore bat erabiltzen genuen eta orain kamioneta batekin. Onaru behar da, baita ere, ni umezale izan naizela beti. Niretzat umeek fase horretan duten inozentzia hori paregabea da, naturala. Gero, helduak bihurtzen garenean kontaminatu egiten gara eta hori galtzen da.

-Pentsatzen duzu jendeak esker-tzen duela urtero aurpegi bera ikustea?

-Hamazazpigarren urtea izango da eta ez dut kontsultarik egin... baina nire ustez erreferentzia bat sortu egin da, eta bai karteletan, bideoetan edo elkarrizketa bat edo besteetan ba... aurpegi ezaguna agertzen da. Bitxikeri bezala esango dizut, hasieran Olentzero menditik zikin jaisten zela eta ikusten nuen haurrak izutu egiten zirela. Orduan, pentsatu nuen: izutzen baldin badu, Olentzero honek ez du balio. Moztu egin nuen hori. Eta pipa ere kendu egin nuen.

-Gaur egun ez dira izutzen, ume asko pilatzen dira zure inguruan...

-Bai. Azken sei edo zazpi urteetan 500-700 umeen artean ibiltzen gara.

-Kontaidazu pixka bat nola izango da aurtengo jaitsiera.

-Bost urte daramagu eguerdian Reina aretoan ekimen bat egiten umeekin, eskulanak eta halako gauzak egiten eta aurten ere egingo da. Zuhaitz bat beteko dugu haurrek egindako gauzak zintzilikatuz eta gero oholtzan jarriko dugu. Ondoren, bostetan, baserri batetik aterako gara Olentzero eta Mari Domingi kamioneta batekin, ermitaraino. Han bandak Olentzeroren abestia joko du eta dantza bat egingo dugu. Hortik abiatuko da komitiba. Amaren kalea, Foru plazatik pasa eta Biteri aldera. Gero, Xabier Olaskoaga plazan sartzen gara eta hortik Biteri txiki eta Zumardira udaletxean bukatzeko. Hor izango da Olentzero eta Mari Domingiri gutunak emateko aukera. Ondoan, gaztainerrea egingo da.

-Nola osatzen duzue hau dena burutu ahal izateko lan taldea?

-Boluntarioekin. Egia da arrazoi ezberdinengatik lan taldea murriztu egin dela. Aurrera eramaten ari gara baina deialdi bat egin nahiko nuke: jende gehiago beharko genuke Olentzero eta Mari Domingiren lan talderako. Ez da 'enbaxada' bat, ez izutu, bi hilabete dira, urriaren erdialdetik abenduaren erdialdera arte, eta bost bilera baino gehiago ez dira izango. Edozeinek parte hartu nahiko balu hurrengo urtean, Lau Haizetara elartearekin jar dezakete harremanetan 943340143 telefono zenbakian.