Orereta Kilometroak 2023 prestatzen hasi da
Ikastolen jaia Errenteriara iritsiko da datorren urtean Ibarra herria utzi ondoren eta antolatzaileak ekin diote lanari dagoeneko
Atzerako kontua hasi da. Behin Ikastolen Gipuzkoako Lurralde Batzarrak proposamena onartu ostean, 2021. urtean, eta duela bi aste Ibarra herriak azken edizioa hartu ondoren, Errenteriako Orereta Ikastolara joateko unea da, 2023ko edizioa antolatuko duena.
Publicidad
Hilaren 2an, igandean, Uzturpe Ikastolaren eskutik jaso zuen Orereta Ikastolak (Anartz Muxika zuzendari nagusiak, eta Xune eta Ani Zapirain nahiz Jare Antzizar ikasleek) 2023ko Kilometroak antolatzeko lekukoa. Historian antolatzen duen hirugarren aldia izango da, urte berezi batean gainera: 60. urteurrenarekin bat egingo du hurrengo urteko festa handiak.
Kilometroak 1984an eta 1999an iritsi zen Errenteriara, eta gogo handiz egingo du 2023an ere. Aurtengo eta aurreko urteetako helburu berarekin egingo du. Euskara eta kultura izango dira zutabe nagusiak, euskal komunitatearekin batera. Gipuzkoako ikastola guztiekin eta nahi duten herritar eta eragile guztiekin egin nahi da bidea. Ildo horretan, arduradunek adierazi dute «nahi duen edozein pertsonaren edo agenteren ekarpena ongietorria izango dela».
Atzo ikastolan ikasle, familia eta antolatzaileen artean egindako bileran, jai egunean, «erronkari ilusioz eta gogotsu ekin genion, elkarrekin eta guztiontzat ibiltzeko gogoz». Besteak beste, adierazi zuten «udalerriari eta hezkuntza-komunitateari ekarpenak egiten jarraitzeko aprobetxatu nahi dela hitzordua, herriko eragileekin elkarlanean. Hitzordua gure Ikastolaren, Ikastolen eta herriaren erakusleiho izatea nahi dugu».
«Komunitatea indartzea»
«24 urte beranduago berriro etorriko da gurera. Aurrekoetan bezela, ohore handia da guretzat, errespetuz hartzen duguna eta aldi berean erronka polit bezela bizi dugu», dio Anartz Muxika zuzendariak. Helburu nagusia, «azpimarratu nahi dugu Orereta Ikastola azken urteetan ahalegin handia egiten ari dela ikastola guztiona eta guztiontzat dela erakusteko eta Kilometroak ere aukera eman behar digu hezkuntza komunitate kide guztien inplikazioa lortzeko». Elkar lana «funtsezkoa izatea nahi dugu, elkarrekin erabaki, eraiki, egin eta ospatu. Jaiaren bidez komunitatea indartzea dugu helburu», adierazten du Muxikak.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión