Orereta Ikastolak ere bat egin du Euskaraldiarekin

Guraso eta ikasleen artean «euskararen apustua indartu nahi du»

L. R. ERRENTERIA.

Orereta Ikastolak Euskaraldiarekin bat egin du eta ekimenaren sustatzaile izango da. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, ikastolako langileek, gurasoek eta ikasleek hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera hazteko ariketa egingo dute.

Orereta Ikastolak, «ekimena zabaltzeko konpromisoa hartua duenez», Euskaraldiari hasiera eman dio, hasierako hamaikakoa osatuta. Hain zuzen ere, Orereta Ikastolaren lehenengo hamaikako hori bertako profesional guztiek osatzen dute: «denak izango dira ahobizi, euskaraz egiteko konpromiso tinkoa dutelako eta erabilera indartzen lagundu nahi dutelako».

Horrenbestez, Orereta Ikastolak ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak egingo ditu, izena emateko bideak erraztuko ditu eta ikastolako komunitate osoa eta gainerako herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldia ekimenean parte har dezaten.

Orereta Ikastolak herrian bertan antolatzen diren ekimenetan parte hartuko du eta, horretaz gainera, udazkenerako, beste hainbat ekimen ari da antolatzen, horietako batzuk Hendaia, Ziburu, Biriatu eta Urruñako ikastolekin batera.

Izan ere, Iparraldeko ikastola horiekin hitzarmena du eta urte osoan zehar elkarrekin zenbait ekintza egiten dituzte, 'Zubiak eraikiz' ekimenaren baitan. Ikastola horiei laguntzeko izango da, aurten ere, Madalenetan Esmalteria plazan jartzen den tabernetatik ateratako diruaren zati bat.

Taberna horretan bertan, Euskaraldiaren inguruko informazioa banatuko da eta ikastolako guraso, ikasle ohi eta lagunek ekimenean izena emateko aukera izango dute egunero 19.30etatik 21.30etara.

Orereta Ikastolak Euskaraldian eragile aktibo izan nahi du, euskara baitu bereizgarri nagusietako bat, orain dela 55 urte herriko guraso batzuek sortu zutenetik. «Bere ibilbide luzean, beti erakutsi izan du gure hizkuntzarekiko konpromiso sendoa eta Euskaraldian ere halaxe egin nahi du».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos