Oiartzo Batxilergo Ikastolako ikasleak saritu berriak izan dira StartINNOVA ekimenan

Markel Gurrutxaga ikasle ohia 17-18 ikasturteko sariarekin./
Markel Gurrutxaga ikasle ohia 17-18 ikasturteko sariarekin.

Batxilergoko Sari Berezia eta StartINNOVA ekimeneko laugarren saria eskuratu dituzte

M.P. ERRENTERIA.

Oiartzo Batxilergo Ikastolako Markel Gurrutxaga, Anje Delgado, Danel Garcia, Yurene Fernandez, Garazi Perez eta Estibaliz Navarro ikasleak saritu berriak izan dira. Lehenak Eusko Jaurlaritzak urtero banatzen dituen hamabost Batxilergoko Sari Berezietako bat jaso du. Gainontzekoek, taldean, EL DIARIO VASCOk antolatzen duen ekintzailetza sustatzeko StartINNOVA ekimenaren 7. edizioko laugarren saria jaso dute.

Eusko Jaurlaritzak urtero banatzen dituen Batxilergoko Sari Bereziak batxilergo-mailako saririk garrantzitsuenak dira. Irabazleek Kanadan hilabeteko uda-egonaldia izaten dute sari. Sari hauetara aurkeztu ahal izateko, 8,75 puntu edo gehiagoko batez bestekoa behar izaten da batxilergoko espedientean.

Hautagaiek modalitateko (latina edo matematika) azterketa, euskarazko edo gaztelaniazko idazlan bat, eta ingelesezko beste bat egin behar izaten dituzte. Hiru frogen arteko emaitzak batu eta notarik altuenak lortu dituzten hamabost ikasleak saritzen dira. Esan bezala, Markel Gurrutxaga Oiartzo Batxilergo Ikastolako ikasle ohiak jaso berri du 2017-18 ikasturteari dagokion sari horietako bat.

StartINNOVA ekimenean parte hartzen duten ikasleek talde txikitan jendartearen beharrei erantzuten dien enpresa-ideia bat landu behar izaten dute. Epaimahaiak proiektuak baloratu ostean, bost talde onenek Euskal Herriko Unibertsitatean egin ohi den finalerako txartela lortzen dute. Bertan, beren proiektuaren defentsa egiten dute epaimahaiaren eta finalerako txartela lortu duten beste ikastetxeetako taldeen aurrean.

Gorago aipatu gisan, Oiartzoko ikasle diren Anje Delgado, Danel Garcia, Yurene Fernandez, Garazi Perez eta Estibaliz Navarrok osatutako taldeak 4. saria lortu du 16-17 urteko ikasleen sailean. Kotoizko txotx ez kutsagarrien inguruko proiektua izan da landu dutena.