Errenteria
Oarsoaldeko AEK euskaltegietan matrikulazio epea irekia dago jadaAurtengo leloa 'Euskara eroso ikasi eta bizi' da eta hori izango da helburua eskualdeko euskaltegientzat
Euskara ikasteko unea iritsi da. Oarsoaldeko AEKko lau euskaltegietan (Lezoko Oroi-tzene AEK, Oiartzungo Intxixu AEK, Oreretako Xenpelar AEK eta Pasaiako Txirrita AEK) 2025-2026 ikasturterako matrikulazio kanpaina abiarazi dute.
AEKko euskaltegietan zabalik dago jada matrikulazio epea, bertan herritarrek «euskara eroso ikas dezaten eta euskaraz eroso bizi daitezen». Horixe da 2025-2026 ikasturteko leloa. 'Euskara eroso ikasi eta bizi'. «Etxeko eta lagun arteko harremanak euskaraz izateko, lan-egoera hobetzeko, bilatzen ari diren euskara-maila lortzeko eta abar, herritarrek AEKn aukera ugari dituzte», azaldu zuten euskaltegietako kideek.
«Horretarako eskaintza egokia topatuko dute herritarrek eskualdean: euskalduntze-ikastaroak, mailak egiaztatzekoak, C2, autoikaskuntza, merkatarientzako eta gurasoentzako ikastaroak, langabetuentzako trinkoak, mintza-taldeak, Mintzalaguna egitasmoa, eskualdeko irakasleentzako prestakuntza, C1 mailako azterketa prestatzeko eskolak ikastetxeetan, eta askoz gehiago. Oarsoaldeko AEKideok sinisten dugu euskara ikastea doakoa eta irisgarria izan behar duela Euskal Herrian bizi diren pertsona guztientzat».
«Positiboki baloratzen dugu doakotasunaren bidean azken urteotan egin diren urratsak, ezinbestekoak dira eta»
Zentzu horretan, euskaltegiek «positiboki» baloratzen dute doakotasunaren bidean azken urteotan egin diren urratsak. Eskualdeko udalen dirulaguntzei esker, aurten ere ikasle askok dohainik ikasiko dute euskara, eta ia gehienek jasoko dute matrikulan ordaindutako gehiena edo guztia.
Era berean, HABEk sustapen dirulaguntzak A2 mailako ikasleei ere zabalduko dizkio aurten, eta horiek merkeago izango dute matrikula, A1 mailako eta 16-18 urteko ikasleekin batera.
Eskolez gain, kanpo-ekintzak ez dira faltako urritik aurrera. Izan euskaltegietako afariak, izan Mintzagun tailerrak, izan AEKren liburu eskaintza edo Errigora. Ikasleei ekintza erakargarriak eskainiko dizkiete hastear den ikasturtean ere. «Finean, herritarrak euskara ikastera, dakitena hobetzera eta euskara erabiltzera gonbidatu nahi ditugu Lezo, Oiartzun, Errenteria eta Pasaiako herritarrak».
Gainera, gogorarazi zuten bezela, aurtengo ikasturtean, 2026ko martxoan zehazki, «Korrika izangu dugu bueltan». 24. edizioa izango da hau eta jada «ilusioz eta gogotsu gaude ekintza hontetarako».