Errenteria
Euskararen erabilera sustatzeko asmoz iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi larunbateanAurten ere, Lau Haizetara elkarteak bi pertsonaien etorrera ekitaldia antolatu du eta haurrek biekin hitz egiteko aukera izango dute
'¡Horra, horra, gure Olentzero!'. Badator bai. Haurrak, beste urte batez, gogotsu daude Olentzero eta Mari Domingi ikusi eta haiekin hitz egiteko. Aurtengo berritasun esanguratsuena da euskararen erabilpena sustatzeko asmoarekin etorriko direla. Lau Haizetara elkarteak antolatuta, ekitaldi «berezia» izatea eta haurrek «goza dezatela» espero dute. Euskararen egoera kontuan hartuta, Herri Arte Eskolako lau ikaslek kartelak eramango dituzte ibilbidean zehar, familietan eta, batez ere, txikien artean euskararen erabilpena sustatzeko asmoarekin.
«Orain egiten ez duguna bihar malkoek ez dutela zuzenduko», jakinarazten dute Lau Haizetarako kideek. Beste urte batez, abenduaren 23an etorriko dira Olentzero eta Mari Domingi Errenteriako kale nagusietara. 17:00etan Ermitatik abiatuta Banda txikiaren laguntzarekin, erdiguneko kaleetatik ibilbidea egingo dute Herriko Plazara iritsi arte. Lehen, Lau Haizetararen egoitza berritik pasatuko dira (Madalen kalea 27), eta Xabier Olaskoaga plazan eta Zumardin parte hartzaileek dantza egingo dute. 18:30ak aldera iritsiko dira Herriko plazara eta han eskutitzak jasoko dituzte. Haurrek Olentzero eta Mari Domingirekin hitz egiteko aukera izango dute. Euria egiten badu, Koldo Mitxelenako patioan, Biterin, itxarongo diete. Gutunak jasotzen dituzten bitartean, herriko plazan gaztaina erreak banatuko dira. Horrez gain, 23an bertan, haurrentzako tailerra egingo da eguerdiko 12:00etan, Lau Haizetara elkartearen egoitzan. Familiak bertara gonbidatuak daude egoitza berria bisitatzeko eta nahi dutenari buruz informatzeko.
Dagoeneko hiru urte daramatzate Euskaraldiaren txapelarekin eta haurrek eraman ahal izateko pegatinak ('Euskara erabiltzeko da!' goiburupean) oparitu zaizkie (ez dutenek Errenkoalden daukate eskuragarri). Gainera, idazteko gutuna eskuragarri jarri du, haurrek haien eskakizunak egiteaz gain margotzeko aukera ere izan dezaten.
«Baina umeek bakarrik ez, nahi dugu familiek ere une magiko hauetan partaide izatea eta umeei laguntzea jostailu hezigarriak hautatzen eta euskaraz egiteko balio dutenak aukeratzen», adierazten dute Lau Haizetaratik. «Ez dute zertan garestiak izan eta gainera honekin batera jasoko duzuen deskontu-balea erabil dezakezue», gehitzen dute. Bukatzeko jende gaztea animatzen dute Lau Haizetara elkartean parte hartzeko. «Ez da lan neketsua, giro dibertigarrian lan egiten dugu», azpimarratzen dute..