Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren balorazio «oso positiboa» egin du Koldokidek

M.P.ERRENTERIA.

Egun batzuk pasa ondoren, Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren balorazioa egiteko momentua heldu zaie antolatzaile lanetan aritu diren Koldokide Guraso Elkarteko kideei. Oro har, balorazio «oso positiboa» egiten dute, «igandea egun bikaina izan zelako, denbora luzez egindako lanaren emaitza biribila» izan zela esan dute komunikatu baten bidez.

Errenteria «herri abegitsua» dela diote eta nabarmendu dute «igandean ere besoak zabalik hartu zituztela Euskal Herri osotik iritsitakoak». Gainera, antolakuntza aldetik ez zen inolako gorabeherarik izan, eta jendeak egitarau zabalaz «gozatu ahal izan zuen». Publiko ezberdina erakartzea zuten helburu eta halaxe lortu zutela diote antolatzaileek. «Goizean haur aulkiak eta familiak ziren nagusi, eta arratsaldean, berriz, gazte jendea ere hurbildu zen jaira. Jendeari giro lasaian kalitatezko eskaintzaz gozatzeko aukera eman nahi izan genion, eta lortu genuen».

Lankidetza eta elkarlana

Halaber, egun osoan zehar boluntario lanetan aritu zirenen jarrera ezin hobea izan zen Koldokiderentzat, «lankidetza eta inplikazio adibide garbia» izan zela pasa den igandekoa. «Elkarlana oso garrantzitsua izan da», gehitu dute. Gainera, «hezkuntzaren eztabaidari heltzea ezinbestekoa dela argi geratu dela diote», jaiak izandako oihartzuna dela eta.

Bukatzeko, egungo hezkuntza sistema aldatzeko beharra nabarmendu dute. «Uste dugu apustu irmoa egin behar dela hezkuntza hori kalitatezkoa, doakoa, parekidea eta euskalduna izan dadin, edozein umeren aukera berdintasuna bermatze aldera. Ahaldunduta eta indartuta atera gara prozesu honetatik, lanerako gogoz eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest», adostu dute gurasoek.