Errenteria
Eskuz esku, besoz beso eta zapiz zapi, 7 mila lagun elkarrekin euskara batuaren aldeOrereta ikastolak sustatuta, Euskal Herriko ikastolen elkarteak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute giza katea Errenteriatik Donostiara bitartean
Kilometroak festaren egitarauarekin jarraituz, atzoko egunean zazpi mila ikasle, irakasle eta boluntariok Errenteriatik Donostiara bitarteko kaleak bete zituzten euskara batuaren aldeko giza-kate koloretsuan. Ekimena Orereta ikastolak sustatun bazuen ere, Euskal Herriko ikastolen jai guztiek osatzen duten 'Ikastolak Herriari' egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu zuten jarduera.
Eskuz esku, besoz beso eta zapiz zapi heldu aurretik, 11:00ak baino zertxobait lehenago, antolatzaileak, babesleak eta hainbat lagun Agirre Lehendakari plazan elkartu ziren parte-hartzaileei ongietorria emateko. Orereta ikastolako lehendakari Itziar Navarrok hitza hartu zuen. «Orain hasiko dugu Donostiaraino eramango gaituen giza-katea. Euskal Herriko herrialde guztietatik etorritako haur eta gazteak dagoeneko kateatuta daude elkarren ondoan eskuz esku kolore guztiekin euskara batua sortu zutenei aitortza egiteko», hasi zuen.
«Gurekin dira Euskaltzaindiako, Euskal Herriko ikastolen elkarteko eta Errenteriako udaleko ordezkariak ere –nabarmendu zuen–. Haur, gazte eta heldu guztiok elkarrekin jarriko gara herri honek egin duen apustu kolektibo garrantzitsuenetako bat gogoratzeko, batasunaren bidean egindako ahaleginak eskertzeko eta horrekin batera euskararekiko konpromisoa berresteko», jarraitu zuen Navarrok.
Orereta ikastolaren izenean eskerrak eman zizkien «Eus-kaltzaindiari eta ikastolen elkarteari ekimen hau aurrera eramateko egin duten lanarengatik eta Errenteriako udalari erraztasun guztiak eman dizkigulako aurrera ateratzeko. Eskerrak baita ere laguntzaile eta babesle guztiei eta bereziki eskerrik asko parte hartuko duzuen ikasle eta irakasle guztiei. Zuek zarete gaurko protagonistak, zuena da hitza», helarazi zion. Hainbat ikastolatako ikasleek mikrofonoa elkarri pasatu zioten euskara batua balioan jartzeko. «Izan nahi dugu herri, izan nahi dugu nor, izan nahi dugu zer. Erronka handi bat dugu gaurkoan (atzokoagatik), Errenteria eta Donostia batuko dituen giza kate erraldoia eraikitzea eskuz esku, besoz beso, zapiz zapi. Batasuna da gure indarra.
Garena egiten gaituena, garena egin gintuena, izango garena egiten gaituena. Denboratik gatoz eta denborara goaz, etenik gabe, denbora gara. Euskararen denbora. Gure herriaren denbora. Euskal Herriko hainbat txokotatik etorri gara euskara batua sortu zutenei aitortza egitera. Euskara batuak batzen gaituelako, batzen gaituenak egiten gaituelako», gaineratu zuten.
«Euskara guztiona baita»
«Egunero, uneoro, euskara erabiliz, euskaraz biziz, bagarela eta izango garela erakusten dugu. Euskara bide bat baita: atzokoa, gaurkoa, biharkoa. Oraingoa eta gerokoa. Euskara kolore bat da. Bi kolore, hiru kolore, milaka kolore, gutako bakoitza adina kolore. Kolorea gara. Asko eta askotarikoak garelako. Bakoitza ezberdin eta, denok batera, kolore bat bera. Euskara guztiona baita, euskara guztiok egiten baitugu. Herri garelako, nor garelako eta zer garelako. Goazen bidea egiten jarraitzera, goazen euskara koloreztatzera, batu euskararen katera», ongietorria eman zuten.
Giza kate erraldoia, Errenteriako Gamon Zumardian dagoen Koldo Mitxelenaren oroimenezko eskulturaren paretik abiatu zen goizeko 11:00etan eta Donostiako udaletxe zaharraren eraikinaren parean amaitu zen. Bidean, 8.226 metro eta Errenteria, Pasaia eta Donostiako hainbat kale eta plaza zeharkatu zuen giza kateak.