Berrikuntzekin ekin diote ikasturte berriari Orereta ikastolan

Ikasleak bueltatu dira ikasturte berriarekin jolaslekura. / ARGAZKIAK: ARIZMENDI
Ikasleak bueltatu dira ikasturte berriarekin jolaslekura. / ARGAZKIAK: ARIZMENDI

1.500 ikasletik gora arituko dira ikasturte honetan Orereta Ikastolan eta Oiartzo Batxilergo Ikastolan

MIKEL PÉREZ ERRENTERIA.

Aste honetan ekin diote ikasturte berriari Orereta Ikastolako eta Oiartzo Batxilergo Ikastolako ikasleek. Datorren irailaren 24a bitartean goizez arituko dira, orduan ekingo diote egun osoko jardunari. Jangela zerbitzua aste honetik bertatik izango da martxan eta eskolaz kanpoko ekintzak, berriz, datorren urriaren 1ean abiatuko dira. Haur eskolako haurrak pasa den astetik dira martxan, egutegi propioa baitute.2018-2019 ikasturteko berrikuntza nagusietako bat haur hezkuntzako sarrera-ordutegia izango da. Izan ere, 2 urtetik 5 urte arterako haurrek sarrera-ordu malgua izango dute: 9.00etatik 09:30era artekoa goizean eta 14:45etik 15:00ak artekoa arratsaldean. Haurren erritmoak gehiago errespetatu ahal izateko helburuz egin da aldaketa. Txikienek, 2 eta 3 urtekoek, bazkal ondoren edo siestaren ostean etxera joateko aukera izaten jarraituko dute.

Ordutegiei lotuta esan, baita ere, DBHkoan ere moldaketak izango direla. 15:30erako bukatuko dute beren jarduna, beranduenez. Asteazken eta ostiraletan, 14:30erako.

Sukalde berritua

Sukalde eta jangelaren urtea izango da aurten Orereta Ikastolan. Añabitarteko sukaldean lanak egin dira makinaria berria jarri eta kudeaketa hobetzeko asmoz. Sei urtetik hamasei urte arterako ikasleek Ikastolako sukaldean bertan prestatuko otorduak izaten dituzte. Lehen hezkuntzan, aldiz, Askora catering enpresarekin hasi dira lanean. «Elikagaiei beraiei arreta handiagoa jarri eta otordu-garaiak ere proiektu pedagogikoan integratzeko lehen pausoak ematen hasi gara Askorarekin», diote ikastetxetik. Aurten lehen aldiz, arratsaldez ere izango da zaintza zerbitzua haur hezkun-tzako ikasleentzat. Goizetako zain-tza orain arte bezala mantenduz haur hezkuntza eta lehen hezkun-tzan (7:30-09:00), Ikastolako txikienei arratsaldeko 17:00ak arteko zaintza zerbitzua ere eskainiko zaie.

Ikasturte hasiera hitzorduz beteta dator. Hilaren 16an Ziklometroak ekimenean parte hartuko du Ikastolak. Kilometroak 2018 jaiari lotuta, Urretxu-Zumarragako ikastolak Gipuzkoako 29 ikastolak bizikletaz lotzeko asmoa du eta bertan parte hartuko dute. Atlantikaldian eta hilaren 29an herrian ospatuko den Bizipozaren jaian ere izango dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos