Errenteria
«Belaunaldiz belaunaldi lortu dugu euskara eustea»Iker Castaño
ERRENTERIA.
Ostirala, 24 martxoa 2023, 22:12
Goizeko ekitaldiari jarraipena emateko, Euskaltzaindiko kideek Orereta ikastola bisitatu zuten eguerdian eta gero udaletxera abiatu ziren, ekitaldi instituzionala egitera. Bertan izan ziren ekimenaren antolatzaileak, Orereta Ikastolako eta Euskaltzaindiko kideak, erakundeetako ordezkari eta hautetsiak eta Euskalgintzako eragileak.
Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak eragileei eskerrak eman eta gero adierazi zuen «gure herritik ekimen hau sustatzea ohorea dela». Koldo Mitxelenaren aipamen bat ere egin zuen, «memoria eta aitortza erdian jarrita». Euskara batua defendatzeko ekimenetan parte hartzen jarraitzera gonbidatu zuen jendea.
Nekane Artola Euskal Herriko ikastolen elkarteko ordezkariak esker «bereziak» eman zizkion Euskaltzaindiari jarduera hau elkarrekin sustatzeagatik. «Herritik gatoz eta herriarentzat behar dugu. Euskara batua errealitate bada, pertsona eta erakundeei esker da», berretsi zuen.
Andres Urrutia Euskaltzaindiako lehendakariak «euskararen batasuna borondatearen» isla dela nabarmendu zuen. «Belaunaldiz belaunaldi lortu dugu euskara eustea», adierazi zuen, horretan garrantzitsuak izan diren hainbat izen propio aipatuz eta haiei eskerrak luzatuz. Hala, Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Arantxa Urretabizkaia, Henrike Knörr, Arturo Campion, Gabriel Aresti, Jean-Louis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'k euskara batuaren alde egindako lanagatik aitortza jaso zuten.