Gipuzkoa

Oarsoaldea

OIARTZUN Plazaratu zuten prentsa oharraren baitan, 2006ko otsailaren 22az geroztik ari da gertatzen gatazka. Egun hartako Euskara Batzordetik Ttur-tturreko ordezkaria kanporatu zuten, eta geroztik egin diren batzorde guztietatik ere bai. Arrazoia Jagoba Larburuk batzordeburuak eman zuena ondorengoa izan omen zen: «Ertzaintzaren bitartez jakin omen zuen kide hori zenbait batzordekiderekiko iraingarriak diren kartelak (batzordekideak lapurrak direla adierazten dutenak) jartzen ikusia eta identifikatua izana, eta jokaera horrengatik batzordekide horiek deseroso sentitzen omen dira bere presentzian». «Batzordekideekiko errespetu falta argudiatuta bota dute kidea. Arrazoi hori zentzugabea eta baliogabea da. Batetik, inolako frogarik gabe egin dutelako akusazioa, epaiketa eta ezarri zigorra. Guk badakigu ez dela egia hori gertatu izana. Eta, bestetik, edonola ere, ez da inondik inora baliozko argumentua inor beti irekia izan den batzordetik botatzeko». Eta honela jarraitzen du oharrak. «Kanporatu duten pertsona hori izan da legealdi hasieratik Ttur-tturren ahotsa Euskara Batzordeetan. Berak aurkeztu ditu (2006ko otsaila arte) Ttur-tturren proiektuak, aurrekontuak, eskaerak, proposamenak,... Eta otsailaz geroztik, debekatu egiten diote bere lana betetzea. Debekatu egiten diote Udalaren plan estrategikoetan txertatutako proiektuak aurkeztea ere (Ttur-tturrek gauzatzen dituenak Udalarekin sinatutako hitzarmenaren bitartez)». «Oso larria da Oiartzungo euskalgintzaren bilgunearen ordezkaria zentsuratzea, euskararen alde lanean ari denari hegalak moztea. Egoera honek ez dio batere mesederik egiten euskararen normalizazioari. Juxtu kontrakoa ari da gertatzen: Udalak berak onartutako euskararen plan estrategikoaren barruan gauzatzen diren egitasmoei kalte egiten die. Ttur-tturrek bere gain dauzkan egitasmoak eroso eta zuzen betetzea eragozten du. Ttur-tturren lan egiteko era baldintzatzen du. Udaleko Euskara Zerbitzuaren lana ere trabatzen du. Azken batean, udal ordezkariak beren buruari harrika ari dira, eta okerragoa dena: euskarari harrika ari zaizkio. Euskararekiko eta euskalgintzarekiko errespetu falta ikaragarria da hori. Ttur-tturreko kideok ez dugu inoiz errespetu faltarik adierazi Euskara Batzordeko kideekiko, nahiz eta gutako bakoitzak, Oiartzungo herritarrak izaki, bere iritzia eduki zenbait udal ordezkariren zilegitasunari buruz. Aitzitik, udal ordezkari horietako batzuk erakutsi dute oiatzuarrekiko (eta beraz, baita Ttur-tturreko kideekiko ere) errespetu falta. Horregatik guztiagatik, gure atsekabea eta haserrea adierazten dugu, eta dei egiten diegu batzordea osatzen duten udal ordezkariei ongi hausnartzeko zertan ari diren, eta zertara eta zergatik joaten diren Euskara Batzordeetara». / Oiartzungo Udaleko Euskara Batzordekoak gatazkan

EGARRIZ/