Oiartzun Kirol Elkarteak Ana Ruiz Mitxelena atezain mitikoa zena omenduko du heldu den igandean

Ana Ruiz Mitxelena./
Ana Ruiz Mitxelena.

Euskal derbia hasi baino lehen izango da ekitaldi hunkigarria, 11:45ak aldera Karla Lekuona zelaian

GOIZARIN

Heldu den igandean, hilak 13, Oiartzun taldeak Emakumeen Nazional Mailako Athletic de Bilbao taldearen aurkako derbia jokatuko du eta Oiartzun Kirol Elkarteak egun hori baliatu nahi du Ana Ruiz Mitxelena atezain mitikoa zenari eta bere familiari omenaldi xumea egiteko, Karla Lekuona zelaian.

Oiartzun Kirol Elkartearen historiari gainbegiratu bat emanez, Ana Ruiz Mitxelenak 1983an eman zituen lehen urratsak Ugaldetxoko elkartean, atezain postuan. Espainiako selekzioan parte hartzen zuen lehen jokalari gipuzkoarra eta lehen atezain euskalduna izan zen Ruiz Mitxelena, Teodoro Nietoren eskutik. Hamazazpi urte zituela iritsi zen Madrileko kontzentraziora, ilusioz beteta eta gutxira jokatu zuen Suitza-Espainia partida, Bernan. Hautatzaileak estrainatzeko aukera eskaini zion titular moduan, garaipena lortuz (0-1). Handik aurrera, erregulartasun osoz parte hartu zuen estatu mailako partidetan, 1988an selekzioari uko egin zion arte.

Baina, futbolari lotutako bizitza handi hori eten zen 1993ko azaroaren 29an Irurtzunen gertatu zen zoritxarreko istripu batean. Geroztik, egunero-egunero oiartzuarron futbol familia osoak gogoan du Ruiz Mitxelena.

Horregatik eta OKE-ren emakumeen talde nagusiak aurten nazional mailako kategoria gorenean jokatzen duenean «OKE-an egoki ikusi dugu Ruiz Mitxelena gogora ekartzea eta bide batez bere familiari eskertzea urtez urte gure ondoan egotea», adierazi du Koldo Fernandez lehendakariak. «Bereziki bere anaia Ander nabarmendu nahi dugu. Izan ere, gure elkartera lanera etorri zen baldintza batekin, OKE-ko emakume atezainak entrenatzea». Horregatik guztiagatik, «Ana Ruiz Mitxelena omenduko dugu, baita bere familia ere», azpimarratu du Fernandezek.

Omenaldia Oiartzun-Athletic de Bilbao partida jokatu aurretik izango da, beraz «zaleei igandean Karla Lekuona zelaira goizago etortzea eskatu nahi diegu, familia babesteko. Saioa 11:45ean hasiko da».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos