Giro ederrean amaitu dira Gurutzeko festak

Ane Badiola./
Ane Badiola.

GOIZARIN

Hiru egunez jai giroen ibili ondoren, gurutzetarrek igande gauean agurtu zituzten sanagustinak. Auzoko festa batzordeak prestatutako egitarauak izan du arrakasta eta makina bat lagun elkartu da hiru egunetan zehar Gurutzen.

Larunbat gauean, Orratx! antzerki taldeak izan zuen arrakasta. Gurutzeko pilotalekuan eskaini zuten 'Kale Hop' ikuskizuna eta ikusleek barre algara ederrak egin zituzten saioan zehar. Txalo zaparradarekin agurtu zituzten zazpi aktoreak. Gero, kantaldia sorpresan Joxe Leon Kazabonek, Ane Badiolak eta Urko Belokik euren kantuekin borobildu zuten larunbateko egitarau oparoa.

Igandean era guztietako ekintzak antolatu zituen festa batzordeak. Goizean, Haurtzaro dantza taldearen emanaldia eta pilota partidak izan ziren. Eguerdian, auzo bertso-bazkarian 138 lagun elkartu ziren eta arrunt gustura entzun zituzten Ander Lizarralderen, Iban Urdangarinen eta Joxe Juan Oiartzabal 'Gurdia'-ren bertsoak. Arratsaldean, poniak, zezen txikiak, basurdea... 'Gorriti show'-a hain zuzen. Gero, bokata goxo askiak dastatzeko aukera eskaini zuten ilunabarrean. Gaueko zezensuzkoarekin amaitu ziren aurtengo sanagustinak.