Komedianteen arrakasta Oiartzunen

Orratx! antzerki konpainiako aktoreak. Harridura, poza, irribareea... eragin zuten. /
Orratx! antzerki konpainiako aktoreak. Harridura, poza, irribareea... eragin zuten.

Lierni Fresnedok zuzentzen duen taldeak 'Kale Hop' emanaldia eskaini du

GOIZARIN

Gau majikoa izan zen joan den ostiralekoa Doneztebe plazan. Komedianteak iristekoak baitziren Oiartzun herrira. Haien emanaldia gaueko hamarretan iragarrita bazegoen ere, taldea arratsaldeko seietan hasi zen martxan. «Zenbait kaletatik barrena ibili ginen gure traste, tramankulu eta guzti jendeari gure etorrera iragarri nahian; baina, egun osoan zehar jo zuen bero itogarria izan zen ia-ia topatu genuen konpainia guztia», adierazi dute Orratx! antzerki taldeko aktoreek. «Etxeetako leiho eta balkoiak itxita topatu genituen, beroa uxatzeko egin ohi dena ulertuz; beraz, herritar gutxi batzuk baino ez ziren jabetu gure etorreraz. Hori dela eta, gauean inor hurbilduko ote zen beldur ginen». Izan ere, gaueko 22:00etan hastekoa zen 'Hale Hop' ikuskizuna.

Kezka horiek guztiak erabat uxatu ziren emanaldiaren ordua iritsi zenean; Udalak propio jarritako 150 aulkiak eskas gelditu ziren, makina bat ikusle lurrean eta zutik egon baitziren, Doneztebe plazan. «Ikusleengandik jaso genuen harrera ezin hobea izan zen, eta emanaldia hasieratik bukaera arte arreta osoz jarraitu zuten. Bukaera ere primerakoa izan zen, txalo zaparradaren ostean jendea zoriontzera hurbildu zitzaigun eta», nabarmendu du Begoña Azpiazu aktoreak. «Hitz batean, mundiala izan zela esan dezakegu. Orain ikusleek esan beharko dute euren inpresioa ere hori den. Gure aldetik eskerrak eman besterik ezin dugu egin, ongi baino hobeto sentitu ginen eta».

Edurne Agirrezabala aktore oiartzuarra ere gustura dago ostiralean egindako lanarekin. «Ostiraleko gaua majikoa izan zen. Ikusi egin behar ziren ikusleen aurpegiak: harridura, irribarrea, gozamena».

Gainera, ez usteko handia eraman zuen antzerki konpainiak plaza jendez gainezka ikusita. «Atsedenaldian egin genuen zozketarekin (rifak eta freskagarriak saldu ondoren, euro baten truke salgai jarri genituen) 300 pertsona baino gehiago egongo zirela ohartu ginen eta». Bestalde, «berriz ere oiartzuarren maitasuna hurbiletik sentitu nuen...», aitortu du Agirrezabalak. «Dena oso ongi atea zen... gehien bat egualdia lagun izan genuen eta».