Sagardoaren ekoizpena eta dastaketa ikastaroa

GOIZARIN

Arraztalo elkarteak 'Sagardoaren ekoizpena eta dastaketa' ikastaroa antolatu du. Guillermo Castaños enologoak gidatuko du saioa datorren urtarrilaren 24an, goizeko 09:00etatik 13:00etara.

«Sagardoaren ekoizpen prozesua azalduko du; gainera, sagardo ezberdinen dastaketa egingo dugu», azaldu du Jon del Olmo Arraztaloko kideak. Ikastaroa doan izango da eta partaideek euren sagardoa eramateko aukera izango dute dastaketa egiteko.

Ikastaroan landuko diren gaien artean honakoak daude: Kalitatezko sagardoa, zer da?; sagardoaren ekoizpenean zaindu behar diren urratsak; sagardoan agertu daitezkeen gaixotasunak nola sahiestu eta nola konpondu.

Ikastaroa Ugaldetxoko auzo lokalean (Atamitxen) egingo da. Interesatuek izena arraztalo@gmail.com helbide elektronikoan edota 634254670 telefonoan eman dezakete. «Lehenbailehen izena ematea komeni da, lekua mugatua baitugu», azpimarratu du del Olmok.