Iturriozko festetan eta xanistebanetan parte hartuko du Arraztalo kontsumo elkarteak

Arraztalo elkarteko kideak asteleheneko bileran. /
Arraztalo elkarteko kideak asteleheneko bileran.

Astelehenenean, auzolanean egin zuten barazki banaketa

GOIZARIN OIARTZUN.

Joan den astelehenean, Arraztalo kontsumo taldekideek Ergoien auzoko baratza bisitatzeko aukera izan zuten. Barazkiak jasotzeaz gain, baratza berria ezagutzeko parada ere izan zuten, baita udan izango dituzten barazkiak ikusteko ere. Era berean, udako antolaketari eta hurrengo ekimenez ere jardun zuten.

Horrela, Iturriozko festetan eta xanistebanetako baserritar egunean ere parte hartuko du elkarteak. Iturriotzen, bertako festa batzordeak antolatutako artisau eta nekazari azokan eta xanistebanetan elkarteak berak antolatutakoan. Aurten, gainera, xanistebanetarako azokatxoa antolatzea lortu dute Arraztalokoek. Izan ere, taldeak ekoizten dituen barazki, sagardo eta jakiez gain, Galtzatako gazta, baserriko arrautzak, etxeko galletak eta larunbatetan Kontzejupean izaten den Errenteriako baserritar bat ere etorriko da.

Bestalde, abuztuan auzolanean egingo dituzte barazki bilketak astearte goizetan (08:00etan) eta ostegun ilunabarretan (20:00etan), denak Petra Lekuonako baratzetik hasita.