Aurtengo udaleku irekietako haur eta gaztetxoek bisitari ugari izango dituzte

Haurtzaro ikastolan daude aurten; bi txanda antolatu dituzte

GOIZARIN OIARTZUN.

Udaleku irekiak uztailaren 1ean hasi ziren eta uztailaren 30a bitarte luzatuko dira aurten. Hilabetean zehar, 3 urtetik LH 6. maila arteko ia 400 haur oiartzuarrek eta sei sahararrek goizero (09:30etik 13:30era) aisialdi euskaldun, hezitzaile eta hezkidetzan ongi pasatzeko aukera izango dute. 38 hezitzaileren ardura izango da hori bermatzea.

Gainera, aurten ere aste bakoitzean gai ezberdin bat jorratuko dute eta horretarako herriko hainbat eragile eta norbanakoen laguntza izango dute herriko haur eta gaztetxoek. Esate baterako, Euskal Kultura lantzeko, herriko hainbat dantzariren bisita izango dute. Arane baserrikoak ere lagun izango dituzte zeregin horretan.

Elkartasunaren gaia lantzeko, berriz, El Watan taldeko kideak etorriko zaizkie eta Sahara eguna antolatuko dute. Osasuna gaia dela medio, herriko pediatrak eta Arraztalo elkartekoak hurbilduko zaizkie; horietaz gain sendabelarrak ere ezagutuko dituzte herritar batzuen laguntzaz.

Eta udaleku irekien amaieran, azken astean, herriko hainbat jubilatu, lagun, emakume kirolari. paretak margotzen lagunduko diete. Azkenik, astero-astero Petra Lekuonara eta Aiton etxera ere egingo dute bisita herriko gaztetxoek, hango aitona-amonak alaitzera. Ikusten den modura, aurten ere ez dute aspertzeko betarik izango herriko haurrek. Goza dezatela, hortaz, Nekane Martiarenak hainbeste mimoz prestatutako egitarau oparo horrekin.