Oiartzungo Lartaun Abesbatza, bihar Errenteriako Musikasten

Oiartzungo Lartaun abesbatzako kideak Fatimako Andre Mari Parrokian./
Oiartzungo Lartaun abesbatzako kideak Fatimako Andre Mari Parrokian.

GOIZARIN

Lartaun Abesbatzaren 50. urteurrenaren karietara, Musikasteren baitako Abesbatzen Egunean parte hartzera deitua izan da. Hortaz, bihar ilunabarreko 20:30ean Oiartzungo Lartaun Abesbatzak Fatimako Andre Mari Parrokian emanaldia eskainiko du. Izan ere, Musikastek bere ibilbidean lan handia egin du beti urteurren esanguratsuak betetzen dituzten euskal musikariak omentzen eta ezagutzera ematen. Beraz, ostiralean, hilak 23, Abesbatzen Egunean ere, horrela izango da eta Lartaun Abesbatzak ere bide horretatik joko du eskainiko duen errepertorioan.

Lehendabiziko obra (Blonda Xarmanta), Xabier Sarasolak Lartaun Abesbatzaren 50. Urteurren honetarako bereziki idatzitako obra da. Azpimarratzekoa da, horratik, Musikasteko hau lanaren erabateko estreinaldia izango dela.

Bigarren eta hirugarren obrak Alberto Mitxelena konpositore irundarraren moldaketak dira. Izan ere, aurten betetzen baita haren jaiotzaren 110. urteurrena.

Eskainiko duten azken obra ere konpositore garaikide batena da: aurten 80 urte betetzen dituen Sabin Salaberrirena, alegia. Azken lan horretan Lartaun Txistulari Taldeko kideen laguntza izango dute. Eta amaieran, Lartaun Abesbatzak, bere emanaldia burutzeko, sorpresa musikal bat eskaintzeko asmoa du.

1964an sortua

Oiartzungo Lartaun Abesbatza 1964an sortu zen Jon Oñatibiaren eskutik, une hartan herrian dinamika handiz lanean ari zen Lartaun Elkarteko Folklore Sailaren baitako talde gisa. Herri-musika gogoko zuen oiartzuar multzo mardul batek (80ren bat lagun ziren) osatzen zuen talde hura.

1970eko hamarkada bereziki oparoa gertatu zen taldearentzat. Izan ere, hainbat lehiaketatan sariak lortzeaz gain, ?Tolosako Nazioarteko Abesbatzen Lehiaketan, esaterako? musikagile esanguratsuen obrak estreinatu zituen, orkestra eta guzti lagun zuela.

Oñatibia 1979an hil eta gero, taldeak aurrera egin zuen zuzendari berrien eskutik. Periko Mitxelena izan zen lehena eta Iñaki Altunak jarraitu zion. Gero, zuzendari gazteen belaunaldiak bete zuen hurrengo hogei urteetako lana, Agustin Mendizabal, Alaitz Guridi eta Fernando Botoren lanari esker, Maddalen Dorronsoro, egungo zuzendariaren egunotara iritsi arte. Aldi honetan, 1990an zehazki, abesbatzak bat egin zuen Marixabel Agirrezabalaren gidaritzapean gazteen artean lanean zebilen Izotz Abesbatzarekin.

Aldaketak aldaketa, taldeak hasierako helburuak mantendu ditu beti: musika bazter guztietara zabaltzea eta herrietako gizon-emakumeen elkarbizitza bultzatzea, alegia. Horrela, Lartaun Abesbatzak eraginkorki parte hartzen du Oiar-tzungo kultur jardunean eta partaide izaten da baita herrian antola-tzen diren hainbat ekitaldi berezitan ere: ¡Kilometroak', 'Oiartzungo Kantu Zaharrak', etab.

2011 urtean, Jon Oñatibiaren jaiotzako 100. urteurrenaren karietara, Lartaun Abesbatzak bere sortzailea omendu zuen. Horretarako, Musikaste, Euskal Musikaren Astean parte hartu zuen, Andra Mari Abesbatzarekin batera abestuz eta urte horretan bertan herrian omenaldi-kontzertu berezia eskaini zuen, Jon Oñatibiak berak sortutako musika-lan adierazgarrienak emanez, txistulari eta dantzariek lagunduta.

Lartaun Abesbatzak, urteotan egin duen ibilbidean beti sustatu du bere kantu-esperientzia eta zaletasuna beste taldeekin partekatzea. Euskal Herri guztiko taldeak etorri izan dira 50 urte hauetan Oiartzuna eta Lartaun Abesbatzak ere guztiei itzuli die bisitaldia eta helarazi gure herriaren musikazko agurra, bai eta urrunagoko lekuetako herritarrei ere; hala nola Asturiasera, Errioxara eta bereziki Catalunyako hainbat herritara egin dituen bisitaldietan.

2014 honetan, Lartaun Abesba-tza bere musika-ibilbidearen 50. urteurrena ospatzen ari da, urte guztion luze-zabalean bere ezaugarri izaten ari den kantu korala zabaltzea indar berriz landuz, jendartean musika-zaletasuna eta elkarbizitza sustatzeko gogo beroarekin.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos