800 pertsona Everesten
Karakorumetik lehen albisteak heltzen diren une berean, Everesteko sasoia amaitutzat eman dute Nepalen
Juanra Madariaga
Lunes, 30 de junio 2025, 14:11
Amaitutzat eman dute aurtengo sasoia mendirik altuenaren inguruko parajeetan. Irudi ederrak ailegatu dira honaino, baina anabasa horren erdian betiko argazki krudelak ere agertu dira tai gabe: gorpuak bide ondoan botata. Aurten, bost hildako izan dira guztira, horietako bat gailurretik jaisten ari zela. Bertatik esan duenez, «tragikoa den arren, kopuru hau aurreko urteekin alderatuta baxua da. Prestakuntza hobeak, ekipamendu hobeak, oxigeno-hornidura amaigabeak, laguntza-langile gehiagok, gida trebeagoek eta eguraldiaren iragarpen hobeak mendia inoiz baino seguruagoa bihurtu dute».
Baina gorpuen aurretik pasatzen diren guztiek amets pribatu baten ordainketa xelebretzat hartzen dute, axolagabe, ezagutzen ez duen beste baten ahalegina bertan ikusirik, hilik. Harrigarria da zelan gerta daitezkeen horrelako istripuak eta heriotzak, gaur egun ordaintzen den diru kantitate lotsagarrirekin. Bada, sherpa piloa tartean egonik ere, eta nahi beste oxigeno arnasteko edukirik ere, hara abiatzen diren pertsona batzuek ez omen dute behar besteko mailarik ematen, eta sinkope orokorrak jasanda hiltzen dira.
Aurten, meteorologia ez da beste urte batzuetan bezain abegikorra, eta 'jet stream' haizeak arazoak sortu bazituen ere, espedizio komertzialek beren helburua lortu zuten, eta guztira 800 pertsona inguru iritsi dira gailurrera aurten.
Betiko legez, argazkietan ikusi dira turista-karabana luzeak, soka tinkoei loturik, aurrekoak hurrengo pausua noiz emango zain. Eta horrela orduak eta orduak, 'traffic jam' delakoa jasanezina bilakatuz, pertsona guztiak arrisku bizian jarriz.
Dioguna, argazki batzuk negargarriak dira. Munduko mendirik altuena eta sakratuena jendez gainezka, zaborrez gainezka, helikopteroz gainezka, luxuz gainezka.
Horrela lortu dute alpinista askok gailurretik mundua ikustea.
Igo direnen artean, 'Mission Everest 7 Days' izenez ezagutzen den Xenon Taldea egon da. Gogoratuko duzuenez, talde horrek (Garth Millerrek, Anthony Stazickerrek, Kev Gondlingtonek eta Al Carnsek) Erresuma Batuko etxetik irten (xenon gasarekin trataturik) eta bost egunera egin nahi zuen gailurra. Esan eta egin.
Maiatzaren 16an, britainiarrak Katmandura joan ziren hegan eta hurrengo egunean Everesteko kanpamentu nagusira heldu ziren. Egun horretan bertan, arratsaldean, gorantz abiatu ziren sherpa talde potente batekin batera. Maiatzaren 21ean gailurrera heldu ziren, eta ziztu bizian etxera bueltatu.
Iparraldetik ere igoerak egon ziren. Jende apur batek (11 atzerriko eskalatzaile eta 11 sherpa) lortu zuen helburua, sekulako eguraldiarekin. Hotzik ez, tenperatura atsegin batekin.
Urtero errekorrak suertatzen dira, batzuk absurduak. Adibidez, Kami Rita Sherpak, 55 urterekin, bere 31. aldia egin du gailurrean. Kenton Cool britainiarrak 19. aldiz igo da gailurrera. Biak, beti ere, oxigeno kantitate ederra botiletatik arnasturik.
Oxigenorik gabeko igoera gutxi egon da, baina horietariko bat Anja Blacha alemaniarrak lortu du. Blachak Annapurna eta Dhaulagiri ere igo ditu denboraldi honetan, eta altuenetan 12 lortu ditu, guztiak ere oxigenorik gabe. Chapeau!
Azkenik, dakizuenez, korrikalari bi elkartu ziren kanpamentuan, mendirik handiena denborarik txikinean igotzeko prest. Bada, biek porrot egin zuten beren proiektuetan, eta gailurra zapaldu barik bueltatu dira etxera.
Agian, hurrengo batean.
Aurten, Everesten ez denez balentria alpinorik egin, arreta batez ere erronka alternatiboetara bideratu da, gehienak abiaduran oinarrituta.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.