Batxilergoko ikasleen hiru gomendio nagusi: disfrutatzea, harreman onak izatea eta irakasleengan konfiantza
Jesuitak Donostiako ikasle zaharrenek Lehen Hezkuntzako ikasleei euren bizipenak eta ikastetxean ikasitako balioak helarazi dizkiete
Jesuitak
Donostia
Ostirala, 7 azaroa 2025, 06:34
Jesuitak Donostiako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak kazetari txiki bihurtu ziren pasa den astean. Etapa-aldaketaren atarian, ideia bikaina iruditu zitzaien Batxilergoko 2. mailako ikasleengana hurbiltzea eta haiei elkarrizketa egitea. Gomendio eta aholkuen bila joan ziren, euren bizipenak ezagutzeko gogoz.
Elkarrizketa oso emankorra izan zen, eta Lehen Hezkuntzako ikasleek asko gozatu zuten Batxilergoko ikasleen esperientziak entzuten. Elkarrizketatutako bost gazteek bizitza osoa eman dute ikastetxean, eta gauza asko eramaten dituztela nabarmendu zuten, batez ere lagunak. Ikastetxeari eskerrak eman zizkioten jasotako guztiagatik eta, bereziki, balioengatik: «Uste dut oso baliagarriak direla gu ere, etorkizunean, besteentzako pertsonak bilakatzeko».
Ikastetxearen eraldaketa, lehen pertsonan
Elkarrizketarekin batera, Lehen Hezkuntzako ikasleek ikastetxea bisitatu eta gela berriak ezagutzeko aukera izan zuten. Batxilergoko ikasleek lehen pertsonan bizi izan dute ereduaren eraldaketa, eta une batean garai hura ekarri zuten gogora.
«Ikastetxeko hezkuntza-proiektua pila bat aldatu da gu sartu ginenetik. Gu, adibidez, hasieran klase zaharretan hasi ginen, eta gero, LH 5. mailan, lehenengo erreforma bizi genuen».
Urteak pasa ahala, ikastetxea gero eta modernoagoa bilakatu dela azpimarratu zuten. «Beti berdina egiten baduzu, berdin bukatuko duzu», adierazi zuten, aldaketarekiko jarrera positiboa erakutsiz.
Lehen Hezkuntzako ikasleek ikastetxea hitz bakarrean definitzeko eskatu zietenean, jasotako erantzunak hunkigarriak izan ziren: oroitzapenak, hazkundea, familia, etxea...
Guztiek adierazi zuten ikastetxean hazi izanaren kontzientzia eta Jesuitak Donostian etxean bezala sentitzen direla: «16 urte hemen pasa ditut; oso garrantzitsua da niretzat».
1 /
Disfrutatzea, aholkurik baliotsuena
DBHtik aurrera ikastea gomendatu bazieten ere, gehien errepikatu zen gomendioa argia izan zen: disfrutatu. «Oso azkar pasatzen da», esan zuten behin eta berriz. Horrez gain, hezitzaileenganako konfiantza eta ikaskideen arteko harremanak zaintzearen garrantzia ere azpimarratu zuten.
Ikasturte honekin batera, 2. Batxilergoko ikasleek agur esango diote ikastetxeari. Lehen Hezkuntzako ikasleek azken mezu bat zabaltzeko eskatu zietenean, denek aho batez eman zuten erantzuna: eskerrak.
Jasotako balioengatik, lagunengatik eta bizitako esperientziengatik eskerrak eman zituzten, eta gehitu zuten oso talde polita osatu dutela urte hauetan guztietan.