Elkarrekin ikasi, elkarrekin hazi
Erain-Eskibeleko ikasleek kooperazioan oinarritutako proiektuak garatzen ditugu, haur hezkuntzatik bigarren hezkuntzara arte
Erain- Eskibel
Ostirala, 28 azaroa 2025, 00:12
Erain-Eskibelen argi daukagu hezkuntzak ez duela ezagutza soilak transmititzea bilatu behar, baizik eta pertsonak osotasunean heztea. Horregatik, gure eguneroko lanean leku berezia ematen diogu ikaskuntza kooperatiboari, hau da, ikasleek elkarrekin, elkarrengandik eta elkarri lagunduz ikasteko moduari. Sinesten dugu ikasle bakoitzak gaitasun eta interes bereziak dituela, eta taldean lan eginez, bakoitzak bere ekarpena egin dezakeela. Horrela, norbanakoaren ezagutza guztiona bihurtzen da, eta ikaskuntza partekatu eta aberatsagoa lortzen da.
Lan kooperatiboak ikasleen motibazioa handitzen du, pentsamendu kritikoa garatzen du eta komunikazio-gaitasunak indartzen ditu. Gainera, elkarri entzuten, errespetatzen eta enpatia garatzen ikasten dute. Erain-Eskibelen argi dugu lan kooperatiboek ez dutela soilik jakintza akademikoa hobetzen, baizik eta bizitzarako tresna baliotsuak eskaintzen dituztela.
Lehen hiruhilekoan, Haur Hezkuntzan hiru proiektu garatu ditugu, adin-tarte ezberdinetara egokituta, ikaskuntza esperientziala, manipulazioa eta motibazioa ardatz hartuta.
Txikienek (1 eta 2 urtekoek) baserriko animalien mundua esploratu dute «Baserria» izeneko proiektuan. Haien ezaugarriak, ohiturak eta ematen dizkiguten produktuak ezagutuz. Material sentsorialekin aritu dira (paja, artoa, irina…), eta abesti, ipuin zein antzerkitxoen bidez hizkuntza-garapena, ahozko adierazpena, psikomotrizitatea eta jolas sinbolikoa landu dituzte.
Adin handiagoko ikasleek (3 eta 5 urte bitartekoek) Erromatar Inperioaren bizimodua eta kulturara gerturatu dira: etxeak, jantziak, ogibideak, ohiturak eta garai hartako eraikin nagusiak. Mito eta kondaira egokituak, jolas erromatarrak eta tailer sortzaileak (ezkutuak, mosaikoak, koroak…) landu dituzte, baita Oiasso Museora bisita bat ere egin. Honek lexiko berria eskuratzeko, sormena garatzeko, denboraren ulermena sendotzeko eta lankidetza sustatzeko aukera eman die.
Beste talde batek berriz, «Descubrimos el mundo de los alimentos / Elikagaien mundua ezagutzen» izeneko proiektua garatu dute. Helburua da haurrak elikagaien ezagutzara hurbiltzea eta ohitura osasungarriak modu dibertigarri eta praktikoan ikastea. Umeengan jarrera arduratsuak eta errespetuzkoak sustatu nahi izan dira, bai beren gorputzarekiko, bai ingurunearekiko. Proiektua Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleei (3-6 urte) zuzenduta dago, eta haien ongizatea, garapen fisikoa eta erabaki osasungarriak hartzeko gaitasuna sustatzea du xede.
Lehen Hezkuntzako ikasleek «Marcel and the Shakespeare Letters» eta «Island for Sale» eleberriak irakurri zituzten, istorioaren une erabakigarrian geldituz. Hortik abiatuta, bost laguneko taldeetan lan egin zuten, bakoitzak rol zehatz bat hartuta (leader, secretary, spokesperson, timekeeper eta language monitor), parte-hartze aktiboa eta dinamikoa sustatuz.
Bi jarduera nagusi landu zituzten: «Erabakiak hartzea» eta «Arazoak konpontzea». Lehenengoan, protagonistak hartu behar zuen erabakia aztertu zuten ideia-jasa eta antolaketa grafiko baten bidez; ondoren, bakoitzak bere ikuspegia testu edo komiki batean islatu zuten. Bigarrenean, arazo nagusia identifikatu eta taldeka irtenbide posibleak proposatu zituzten, berriz ere antolaketa grafikoak erabiliz eta emaitzak idatzizko edo marrazkizko lanetan aurkeztuz.
Bigarren Hezkuntzan, proiektu kooperatiboek urrats berri bat ematen dute, eduki akademiko konplexuagoak lantzeko eta autonomia handiagoz jarduteko aukera eskainiz.
DBH 1. mailan, ikasleek «El cómic en el aula» izeneko proiektua landu dute Lengua ikasgaian. Helburua komikiaren hizkuntza aztertzea izan da: bere adierazpenak, elkarrizketak, narratzailea, onomatopeiak eta narrazioaren egitura. Lehenik eta behin, ikasleek hitz egin zuten komikiak zer diren, zein irakurri dituzten eta zein ezagutzen dituzten. Ondoren, Asterixen komikiak eraman zituzten gelara, bikoteka irakurri eta taldean aztertu zituzten, eleberri edo ipuinen narrazio tradizionalekin alderatuz.
Hurrengo saioetan, taldeak osatu zituzten eta komiki propio baten gidoia sortzen hasi ziren: pertsonaiak diseinatu, ekintza eta amaiera pentsatu, eta ondoren, irudiak eta elkarrizketak marraztu zituzten. Azken emaitza gisa, talde bakoitzak bere lana aurkeztu zuen gelan, prozesua nola antolatu zuten eta nola banatu zituzten zereginak azalduz. Jarduera honek sormena, adierazpen-gaitasuna eta talde-lana uztartu ditu, ikasleen komunikazio-trebetasunak eta irudimena garatuz.
DBH 3. mailako ikasleek berriz, Energia Berriztagarriei buruzko proiektu zabala egiten ari dira. Talde bakoitzari energia mota bat esleitu zaie (eguzki-energia, eolikoa, hidroelektrikoa, biomasa…), eta ikerketa prozesu baten bidez, informazioa bildu dute, iturriak kontrastatu eta ondorioak aurkeztu dituzte. Azken emaitza gisa, panel didaktikoak sortu dituzte eta beste ikasleen aurrean azalpenak eman dituzte, irakasle rola hartuz. Jarduera berezia izan da, izan ere, gurasoek ere parte hartu dute, beren lan esperientzia azalduz: nola erabiltzen diren energia berriztagarriak beren enpresetan, zein neurri hartzen diren ingurumenaren zaintzan eta ekonomia zirkularra nola garatzen den. Horri esker, ikasleek ezagutza teorikoa bizitza errealarekin lotu dute eta energia berriztagarrien garrantziaz kontzientzia handiagoa hartu dute.
Azkenik, DBH 4. mailako ikasleek langile mugimenduari buruzko proiektu historiko kooperatiboa lantzen ari dira. Kasu honetan, ikasle bakoitzak XIX. mendeko langile baten azalean jarri behar izan du, eta haren egunerokoa idatzi du lehen pertsonan. Idazlanak eskuz egin dituzte, papera zahar itxurako koloreekin eta tinta beltzarekin, garaiko giroa birsortzeko asmoz. Egunerokoetan kontatzen dute nola bizi ziren, zer baldintza zituzten fabrikan, zein ziren haien kezkak eta ametsak. Lan honen bidez, historia bizipenen bidez ulertzen dute, eta iraganeko gizartearen injustiziak gaur egungo balioen ikuspegitik aztertzen dituzte.
Proiektu guzti hauek emaitza ikusgarriak izateaz gain, ikasleen artean lankidetza, erantzukizuna, enpatia eta komunikazioa indartzen dituzte. Ikasleek elkarri laguntzen, entzuten eta errespetatzen ikasten dute; bakoitzak bere gaitasunak jartzen ditu taldearen zerbitzura, eta horrela, ikaskuntza ez da soilik banakakoa, baizik eta kolektiboa eta partekatua.
Erain-Eskibelen uste dugu esperientzia hauek ikasleen garapen osoa sustatzen dutela: akademikoki prestatzen dituzte, baina aldi berean gizarte justuago, solidarioago eta arduratsuago baten eraikuntzan parte hartzeko gaitasunak eskaintzen dizkiete. Izan ere, elkarrekin ikastea eta elkarrekin haztea ez dira lelo hutsa, gure hezkuntza-ereduaren funtsa baizik.