Zizeiluaren ingurukoa izango da aurtengo Euskal Herriko objektu tradizionalen diseinu lehiaketa

Eskubian, zizeilu bat, garaiko sukaldeetako altzaria/San Telmo Museoa
Eskubian, zizeilu bat, garaiko sukaldeetako altzaria / San Telmo Museoa

Mahaia eta aulkia dituen altzaria da, euskal lurralde guztian eduki izan dena, batez ere, sutondoan eseritzeko. Parte hartzeko izen-emate epea zabalik dago apirilaren 8ra arte

Zizeiluaren bueltan egingo dute aurtengo HAU, Euskal Herriko objektu tradizionalen diseinu lehiaketaren hirugarren edizioa. Mahaia eta aulkia dituen altzaria da, lurralde guztietan eduki izan dena, batez ere, sutondoan esertzeko. Lehiaketak euskal kulturako objektu tradizional bat gaurkotzea du helburu. Parte hartzeko izen-emate epea zabalik dago apirilaren ñra arte.

Bitamine Faktoria mugaz gaindiko sormen eta kultura ekoizpen lantegiak antolatzen du lehiaketa, Donostiako San Telmo Museoaren, Mondragon Unibertsitatearen, Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Ramírez i Carrillo estudioaren laguntzarekin.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, edizio honetan zizeilua izango da berrinterpretatu beharreko objektua. Zizeilua Euskal Herriko baserrietako jatorrizko altzaria da, eskualde guztietan aurki daitekeen mahai bankua.

Bizkarralde altua du, hotzetik babesteko, sutondotik gertu eta aire sarbide batetik gertu ere kokatzen zelako. Eskuarki, zizeilua hiruzpalau lagun esertzeko egina zegoen, eta erdian mahaiaren funtzioa betetzen zuen taula eraisgarria zuen. Zizeilu batzuetan, eserlekuaren azpian atxikitako espazio bat egokitzen zen animalia txikien hazkuntzarako.

HAU lehiaketa diseinuaren alorrean diharduten ikasleei, profesionalei edo kolektiboei zuzenduta dago. Epaimahaia diseinuko eta euskal etnografiako alorretako adituek osatuko dute: Jaume Ramírez Pujolar Ramírez i Carrillo estudioko diseinatzaileak, Fermín Leizaola Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko zuzendariak, Elisabeth Urrutia Industria Diseinuko irakasle eta Mondragon Unibertsitateko ikerlariak, Agurtzane Garai San Telmo Museoko jarduera eta proiektu arduraduna eta Bitamine Faktoriako lantaldeko kideak. Ekainean proiektu sarituaz eta diseinu nabarmenez osatutako erakusketa antolatuko da San Telmo Museoko gune gastrokulturalean.

Temas

Euskera