18 urte eta 200 zenbaki: Gaztezulok badu zer ospatua

Honatx Gaztezuli posible egiten duen lantaldea./
Honatx Gaztezuli posible egiten duen lantaldea.

Hainbat ekintza antolatu ditu aldizkariak urtemugarako; besteak beste, ale mardulagoa eta 'Gaztezulo 200' festa

Ostiral honetan, azaroaren 9an, helduko da Gaztezulo hilabetekariaren 200. zenbakia. Mendearekin batera jaio zen proiektuari 18 urte betetzea tokatzen zaionez, hainbat ekitaldi antolatu dituzte bi mugarri horiek ospatzeko. Batetik, 200. zenbaki arrunta gainerakoak baino mardulago dator (62 orrialde izatetik, 104 izatera igaro da), atal bereziekin eta azal esanguratsu batekin.

Gazteei zuzendutako aldizkariaren zenbaki bereziaren edukiak osatzeko 60 izen bildu dituzte -28 gizon eta 32 emakumezko-, testuak, irudiak zein ilustrazioak sortu dituztenak. Luzeegi joko luke denak aipatzeak, baina esan daiteke jatorri, alor eta adin desberdinetakoak elkartu dituztela; ia diren guztiak daude, eta dauden guztiak dira...

Azalari dagokionez, haien «fideltasuna eta maitasuna» saritzeko irakurleen esku utzi zuten azaleko protagonisten aukeraketa eta, jaso ziren ehunka proposamenen artean boz gehien jasotako lau 'finalisten' arteko lehia estua irabazi ondoren (gainerakoak izan dira Mikele Grande, Aitziber Garmendia eta aldizkariko lantaldea bera), Altsasuko Gurasoak azaltzen dira azalean. Argazkia ez ezik, jakina, Amaia Amilibia, Gotzon Urrizola, Edurne Goikoetxea eta Bel Pozuetari egindako elkarrizketa ere badakar aldizkariak.

Eta Altsasuko Gurasoentzat izango da, halaber, azaroaren 25ean, 18:00etan, Bilboko Kafe Antzokian egingo den festa bikainean jasotako diruaren %5. Sarrerek 10 euroko prezioa dute (12 egunean bertan erosiz gero), baina festara joateko asmorik edo modurik ez duenak ere lagundu diezaieke haiei eta Gaztezulo proiektuari, 'zero sarrerak' ere badaude eta salgai.

Gaztezulo 200 festarako hainbat sorpresa iragarri badituzte ere, aurreratu dituzte parte hartuko duten musikarien izenak. Han izango dira Zea Mays, Grises, Xabi Solano, Zuriñe Hidalgo, Xabi Bandino, Liher eta Jon Basaguren.

Berez, Gaztetxulo izenarekin sortu zen aldizkaria 1999an, Donostiako Bagera euskara elkartearen Irutxulo aldizkariaren alboan. Elkarrekin egin zuten bidea harik eta aldizkariak, 2007an, izena ez ezik estiloa eta formatua ere berritu zituen arte.

Paperezko edizioaz gain (urteko harpidetza 22 eurokoa da), badute doako edukiak eskaintzen dituen atari bat, baita eduki esklusiboetarako sarbidea ematen duen 11 euroko harpidetza digitala ere. Biak nahi izanez gero, paperezkoa eta digitala, 28 eurokoa da urteko harpidetza. Gaztezuloren proiektu ugarien artean, bestalde, aipatu daiteke Beitu 14-18 urteko gazteei zuzendutako plataforma digitala, mugikorrean kontsumitzeko diseinatua.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos