Plaza de Gipuzkoa

Urarekiko erresistenteak

Martes, 28 de octubre 2025, 14:44

Mamu batek zeharkatzen du mundua: nartzisismoak. Herritar arrunt eta agintari, denak ditu jopuntuan, denak ditu kutsatzen eta gaixotzen. Zalantzarik gabe, pandemia zabalduena da, birusik arriskutsuena, eta ikustekoa da nola hedatzen den internet bidez. Hor ikusiko dituzu asko urmael edo putzu baten bila, beren buruaren islaren xerka, suspirioka eta atsegin hartzen, beren edertasun eta berdingabetasunaz gozatzen, beren buruaz estasiatuta. Batzuetan, hain dira bakan eta paregabe, ispiluan islatutako beren irudiaren antzik ere ez dutela. Ispiluaren materiaz eginak direlakoan, hara-hona dabiltza barrutik darien LED argia isuri asmoz, ipurdiaren atzetik ubera sakratu bat utziz, lehorreko kometa zerutarrak bailiran, beren buruaren orbitan biraka.

Publicidad

Zerrenda luzeak egingo dizkizute: zer jan duten gaur, nora joan diren, zer erosi duten, zer irakurtzen ari diren, norekin dabiltzan, nola hezi seme-alabak, zer jantzi, nola konpondu mundua… Denetarako dute giltza, denetarako sarraila. Nola ulertu mundua haiek gabe? Ez da harritzekoa, mundua putzu sakon eta ilun bat zen haiek heldu arte, zuri beltzezko tramankulu zahar aspergarri bat. Harago begiratzeko eskatzen badiezu, begiak horizontera bideratu ordez, beren islaren putzura zuzentzen dute, eta ez dituzu begiespen horretatik aise desbideratuko. Erraz identifika ditzakezue, beti doaz neoprenoz edo Gore-Tex-ez jantzita, kontenplaziozko ordu akuatikoetan hotzeririk ez harrapatzeko, ez bustitzeko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad