Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Zazpi egunez Zestoako Sastarrain aterpetxea izango dute bilgune.
Udalerri euskaldunetako 50 gaztek elkarrekin igaroko dute astebete

Udalerri euskaldunetako 50 gaztek elkarrekin igaroko dute astebete

«Gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko» antolatu du udalekua UEMAk, Hikuntza Politikako sailburuordetzaren laguntzarekin

Lunes, 9 de julio 2018, 12:56

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

UEMAko kide diren 87 herrietatik heldutako 15 eta 18 urte arteko gazteak beraiei prooio zuzendutako udalekuetan parte hartuko dute, lehen aldiz, astearte honetatik, uztailak 10, aurrera. Zazpi egunez Zestoako Sastarrain aterpetxea izango dute bilgune, eta udalekuetako ohiko jardueren artean, soziolinguistikarekin lotutako hainbat kontu landuko dituzte. Izan ere, udalerri euskaldunetako gazteak «euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko» asmoz antolatu ditu UEMAk udaleku hauek, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren laguntzarekin.

Esperientzia aurkeztu zenean, 50 lagunentzako tokia iragarri zen. UEMAk jakinarazi duenez, herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa da bere ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen duela bi urte, eta azken ikasturteetan UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean mankomunitateko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian, Salto! gazte topaketak antolatu zituen iaz lehen aldiz UEMAk, udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzeko eta beraien artean euskara oinarri hartuta saretzeko. 15 eta 18 urte arteko gazteak bildu ziren topaketa haietan, eta hiru egunetan hainbat ekimen eta ekitalditan hartu zuten parte lagunartean, begirale eta sukaldariekin batera.

Hiru egun haietan landutako eduki guztia modu lasaiagoan lantzeko eta gazte gehiagorengana heltzeko, asteburu bateko egonaldia beharrean aste osoko udalekua prestatzea erabaki du aurten UEMAk. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko.

Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarauarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da udaleku hauekin. Gazteen artean euskararen ezagutzak gora egin arren erabileran eta kontzientziazioan eragitea oraindik ere ezinbestekoa dela iritzita, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak berariaz lagundu ditu udalekuak.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios