
Ver 23 fotos
Txapa paparrean eta euskara ahoan
Festa giroan hasi da Euskaraldia, musika, dantza eta antzerkiak lagunduta; eta hilaren 25a arte hizkuntza ohiturak aldatzea izango du xede ariketa sozialak
Abian da hizkuntza ohiturak aldatzeko antolatutako ekimena. Ez da festa, ariketa soziala baizik –nolabaiteko seriotasuna eskatzen duena gainera–, baina jai giroan hasi da gaur, maiatzak 15, Euskal Herriko herri eta auzo askotan. Euskaraz gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin eroso hitz egiteko saiakera ospatzeko modukoa dela uste dute milaka hiritarrek eta horixe bistaratu da, hain zuzen ere, plaza nahiz kaleetan barrena.
Hamaika ekitaldi burutu dira arratsalde osoan zehar baina Euskaraldiaren laugarren edizioa ofizialki 19:00etan hasi da, testu bateratu baten irakurketarekin. Horixe izan da, halaber, txapa janzteko iragarritako ordua, askok eta askok egun osoan zehar jantzita eraman baitute ere.
Noticia relacionada
Ipuin kontalarietatik herri kiroletara: Donostiako Euskaraldiaren agenda osoa
Ostiral honetatik aurrera, hilaren 25a bitarte, belarriprest eta ahobiziek, gutxienez aste eta erdian, lehen hitzak euskaraz egiteko ahalegina egingo dute; eta elkarrizketa elebidunak ugarituko dira, han eta hemen. Belarriprestak eroso esango dio parean duenari berarekin euskaraz hitz egiteko, eta ahal duen guztietan berak ere euskaraz egingo du.
Txapa jartzeko ordua 19:00etarako jarri bazen ere, askok eta askok egun osoz eraman zuten jantzita
Musika, dantza edota antzerkia baliatu dira ariketa bere lehenengo orduetan girotzeko. Gipuzkoako hiriburuan, esaterako, Donostiako Musika Eskolako ikasleek kontzertu laburrak eskaini dituzte Maialen Sorzabalbere eta Mikel Irazusta umoregileen gidaritzapean, eta presik ez zutenentzat erromeria eta elektro txaranga ere izan dira.

Ver 24 fotos
Eguraldia fresko samarra zen arren, jendetsuak izan dira ekitaldiak eta tokiko batzordeek hala izaten jarraitzeko esperantza azaldu dute datozen hamaika egunetan ere. Izan ere, laugarren ekitaldiaren berrikuntza nagusia datarena da. Udaberrian ospatzen den lehen aldia da eta urte sasoiaren aldaketak, hain justu, kaleko giro aproposa bilatzen du. Ositalerako egun goibela espero da, baina astebururako iragarpena ona da.
Estresa murriztu
Bestalde, datozen egunetan ezinbesteko elementua izango da txapa ariketarako, izan ere, identifikagarri horrek erakusten du parean dugunak euskara badakiela, eta mezu argia bidaltzen du: «Nirekin hitz egin euskaraz, lasai!». Norberarentzat baino aurrean dugunarentzat da baliagarria txapa, «hizkuntza bat edo beste aukeratzean sortzen zaigun estresa murrizten baitu horrela, eta euskaraz askoz erosoago aritzeko aukera ematen digu», antolakuntzak adierazi du.
Giro freskoarekin hasi da Euskaraldia, baina asteburuko iragarpena, gaurkoa kenduta, ona da
Txupinazo modukoa behin igarota, ariketa egonkortzeko garaia dator. Bakoitza bere paperean (ahobizi ala belarriprest), txapa paparrean eta euskara ahoran.
- Temas
- Euskaraldia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.