Tolosako eta Azpeitiako ikasleak JolasMATIKA proiektuan

Jolasmatika proiekturako sortutako materialak. /
Jolasmatika proiekturako sortutako materialak.

Orixe BHI eta Urola BHI ikastetxeetako ehun bat ikaslek bisitatuko dute Informatika Fakultatea astelehenean

Astelehen honetan, azaroaren 26an, Tolosako Orixe BHI eta Azpeitiako Urola BHI hezkuntza publikoko ikastetxeetako DBH4ko ehun bat ikaslek Donostiako UPV/EHUko Informatika Fakultatea bisitatuko dute JolasMATIKA ekimenean parte hartzeko. EHUk ohar baten bidez aurreratu duenez, «jolasen bidez informatika modu zientifikoan garatzeko helburua du egitasmoak, problemen ebazpena eta pentsaera konputazionala landuz».

«Informatika Fakultatean-dio Edurne Larraza bertako irakasleak- gazteek Ingeniaritza Graduko ikasleren eta irakaskuntzako masterra egiten ari diren beste ikasleren eskutik izango dute aukera lantzeko datuek (zenbaki, karaktere, irudi, ...) konputagailuan zer nolako itxura hartzen duten; datu horiek konputagailu barruan nola tratatzen diren; informatikariok zer nolako urratsak ematen ditugun problema bat ebazterakoan; eta azkenik, konputagailuak nola programatzen ditugun problema horiek ebazteko. Gazteek lau taldetan banatuta egingo dute lan. Horietako talde bakoitzean unitate-didaktiko bat landuko dute. Geroago, haien ikastetxean ikaskideei landutakoa azaldu beharko diete eta denon artean ongi prestatu lehen hezkuntzakoei azaltzeko. Horretarako materiala eta unitate-didaktikoak JolasMATIKA proiektutik jasoko dituztelarik».

JolasMATIKA ekimenaren bi edizio pilotu gauzatu dira dagoeneko. Bertan parte hartu dute UPV/EHUko Informatika eta Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateetako irakasle-ikerlari eta ikasleek eta Tolosako Orixe BHI-Samaniego (Lehen Hezkuntza) bikotea. Ekimenak, orain arte, DBHko hogeita hamar ikasle ingururengan eta LHko 150 ikasle ingururengan izan du eragina. Aurreko bi edizioak arrakasta handia izan dutelarik. Aurten, hirugarren edizioan, Azpeitiako Urola BHI eta Karmelo Etxegarai (Lehen Hezkuntza) ikastetxeek parte hartuko dute ere.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos