Borrar
Jokin Artola sunprinuarekin proba egiten Pello Zabala gunean eskainitako hitzaldian. nuñez
Sunprinue, Aralarko artzainen musika-tresna

Sunprinue, Aralarko artzainen musika-tresna

Tresna ikertu duen Jokin Artolak dioenez, «urritzaren azalarekin egiten zen, eta bizpahiru hilabete besterik ez zituen irauten egoera onean»

agurtzane nuñez

amezketa

Sábado, 12 de noviembre 2022, 12:47

Antzinatik txalaparta ezagutu izan da euskaldunen komunikazio- eta musika-tresna bezala. Hala ere, Aralarren behintzat, artzainek bazuten beste instrumentu bat: sunprinue. «Urritzaren azalarekin egiten zen, eta bizpahiru hilabete besterik ez zituen irauten egoera onean», azaltzen du Jokin Artola amezketarrak. Duela hogei urte inguru izan zuen sunprinuaren berri eta denbora batez alde batera eduki ondoren, duela bi urteko konfinamenduan hasi zen instrumentuan sakontzen.

«Lortzen nuen informazio bakoitzak pertsona berarengana eramaten ninduen, Juan Mari Beltranengana, eta nire bikoteak ezagutzen duenez, berarekin harremanetan jarri nintzen. Berak erakutsi zidan zer zen eta nola jotzen zen, eta pista bat eman zidan: norbaitek komentatu ziola elkarrizketa batean Amezketan ere jotzen zela», dio Artolak. Hori izan zen behar zuen akuilua herrian sunprinuaren historia ikertzen jarraitzeko.

San Ferminak arte jotzen zen, nahiz eta abilenek sanmartinak arte luzatzen zuten tresnaren erabilgarritasuna

Azken bi urteotan bere kabuz ikertu ondoren, Amezketako kultur astearen baitan hitzaldia eskaini zuen herritarrengandik datu zehatzagoak lortzeko asmoz. «Herritarrei instrumentua zer den kontatu nahi nien, zer historia daukan atzetik, eta beraiekin hitz egin nahi nuen jakiteko herrian azkena zeinek joko zuen», dio. Gerra aurretik jotzen zen instrumentua izanik, argi dauka «gaur egun ziurrenik ez dira biziko, baina zein etxeetakoa edo familiakoa zen bilatzen ari naiz. Momentuz ez dut topatu, nahiz eta duela gutxi pista bat eman zidaten», aipatzen du.

Urritzaren azalarekin egina

Oinarrian sunprinua urritzaren azalarekin egindako kukurutxo formako instrumentua da. «Hori da daukan berezitasuna. Beste tokitan horrelako instrumentuak badaude, Europan badaude eta Aragoin lizarrarekin edo gaztainarekin egiten zuten, baina sunprinua urritzarekin bakarrik egiten zen».

Beste berezitasuna udaberri partean bakarrik jo zitekeela zen. «Soinu onarekin jotzeko bi edo hiru hilabete dira, gero lehortzen joaten da», zehazten du. «Maiatza edo ekaineko ilgoran moztu behar da urritzaren adarra; bi metro inguruko luzerakoa eta makila baino pixka bat lodiagoa behar du. Udaberrian zuhaitzei izerdia mugitzen zaie eta horrek errazten du azala espiralean ebaki bat eginez oso erraz askatzea».

Herritarrek ere izan zuten Jokin Artolak aurkeztu zien tresna probatzeko aukera. Argazki txikian, bi zulo baino ez dituen sunprinue. nuñez
Imagen principal - Herritarrek ere izan zuten Jokin Artolak aurkeztu zien tresna probatzeko aukera. Argazki txikian, bi zulo baino ez dituen sunprinue.
Imagen secundaria 1 - Herritarrek ere izan zuten Jokin Artolak aurkeztu zien tresna probatzeko aukera. Argazki txikian, bi zulo baino ez dituen sunprinue.
Imagen secundaria 2 - Herritarrek ere izan zuten Jokin Artolak aurkeztu zien tresna probatzeko aukera. Argazki txikian, bi zulo baino ez dituen sunprinue.

Datuen arabera, San Ferminak arte jotzen zen, nahiz eta abilenek sanmartinak arte, hau da, azarora arte, luzatzen zuten. «Iraun ahal izateko, nik ere konprobatu dut, uretan edukitzen zuten eta askoz gehiago irauten du. Hori bai, soinua aldatzen joaten zaio» eta noski, «urtero berritu beharreko instrumentua da», aipatzen du Artolak.

Etxekoei abisatzeko

Musika instrumentu baino gehiago, «herrira gerturatzen ziren heinean etxekoei abisatzeko modu bat zen. Batzuk bi egunez behin jaitsiko ziren esnea eramateko edo beste enkarguren bat egiteko, eta puntu batera iristen zirenean jotzen zuten». Horregatik, Jokin Artolak instrumentua guztiz probatu ez duen arren, «soinu nahikoa aterako zuen, nahiz eta ez adarra bezainbestekoa».

Herri edo auzo bakoitzak bere tokia zuen: «herritik distantzia batera aska bat zeukaten eta han edukitzen zituzten sartuta instrumentuak. Hara iristean jotzen zuten abisua pasatzeko», dio. «Artzain bakoitzaren abileziaren edo gustuen arabera luzeagoa edo estuagoa egingo zuen, soinu diferentea edukiko zuten eta jotzeko era ere diferentea zuten. Horrela herritik entzuterakoan bazekiten nor ari zen joka», azpimarratzen du.

Musika-instrumentu bezala erabiliko zutenaren aztarnak ere badaude. «Behin instrumentua edukita beste zerbaitetarako erabiliko dutela pentsatzen dut. Hala ere, behatzentzako bi zulo ditu eta hiru nota ateratzeko aukera bakarrik ematen du, beraz, ez du musika diferentea egiteko aukera gehiegi ematen, pixka bat mugatua da aldi berean», adierazten du.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Sunprinue, Aralarko artzainen musika-tresna