Seaskako lehendakari ohiak omenduak izan ziren Ikastolen Elkartek ikasturtearen hasieran

Inauguraketa ekitaldian zinta mozteko unean, Bingen Zupiria beste agintarien artean atzo Baionan. /
Inauguraketa ekitaldian zinta mozteko unean, Bingen Zupiria beste agintarien artean atzo Baionan.

Baionan izan zen ekitaldia, eta bertan Bingen Zupiria sailburuak «euskara eta eleaniztasunaren garrantzia belaunaldi gazteenentzat» nabarmendu zuen

E.B.DONOSTIA.

Ikastolen Elkarteko ikasturtearen hasiera ekitaldian egin zuten atzo BaionakoBernat Etxepare Lizeoan. Ikastetxe horren eraikin berria inauguratzeko eta Seaska Iparraldeko ikastolen federazioaren 50. urteurrena ospatzeko baliatu zuten hitzordua. Iparradeko lehen ikastola sortu zenetik 50 urte igaro dira, eta egun, Seaskak 37 ikastetxe eta 4.000 ikasle ditu lurralde honetan. Bernat Etxepare lizeoa bera, 1990. urtean sortu zen, eta 18 urtera arte euskara hutsean ikasteko aukera eskaintzen duen Iparraldeko lizeo bakarra da.

«Bi urte besterik ez dira pasa, hemen berean Lizeoaren estreina egin genuenetik. 300 ikaslerekin hasi genuen bidea, bi urtez 75 gehiago hurbildu dira» esan zuen Peio Jorajuriak, Seaskako lehendakariak. «Gaur egun aldiz, gure kolegioetako 4 ikasletik 3 heldu da lizeora. Urrats kualitatibo izigarria da hori».

«Lan anitz egin da eta biziki epe laburrean» azpimarratu zuen Seaskako lehendakariak. «Ipar Euskal Herriko biharko arlo guzietako profesional euskaldun gehien gehienak, hemendik pasatuak izanen dira» esanez.

Seaskak 37 ikastetxe eta 4.000 ikasle ditu 50 urte igaro eta gero Iparraldeko lehen ikastola sortu zelarik

Seaskak 50 urte

Bestalde, Seaskaren 50 urteak direla eta, hilaren 18 eta 19an jardunaldi pedagogikoak antolatuko dituztela iragarri zuen. Bide batez, «Seaskako abentura abiatu eta gaur arte iraunarazi duten lehendakari ohiei eta beste lagun batzuei», omenaldia egin nahi izan zieten.

Atzoko inauguraketa ekitaldian, besteak beste, Peio Jorajuria Seaskako presidentearekin batera Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak, Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak, Jean Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak eta Koldo Tellitu Ikastolen Federazioko presidenteak ere parte hartu zuten.

Zupiriak «eleaniztasuna belaunaldi gazteenentzat 'indargune' bilakatzeak duen garrantzia» nabarmendu zuen eta bere esanetan, euskarak «ez du kentzen, gehitzen du. Euskaldunok gaztelaniaz edo frantsesez ere hitz egiten dugu, baita ingelesez ere. Hizkuntza txikiago bat dugu oso hizkuntza handien artean. Eta horrek ez du kentzen, alderantziz, euskara jakiteak gehitu egiten duela. Euskaraz hitz egiteak aberastu egiten gaitu. Zorionekoak gara gu».