'Salto!', udalerri euskaldunetako gazteei zuzendutako lehen udalekuak

Donostian egin da ostiral honetan ekimenaren aurkezpena./UEMA
Donostian egin da ostiral honetan ekimenaren aurkezpena. / UEMA

UEMAk antolatu ditu, Jaurlaritzaren laguntzaz, gazteak, ondo pasatzeaz gain, euskararen erabileraren sustapenean daukaten garrantziaz jabetu daitezen

N. AZURMENDI

Udalerri euskaldunetan bizi diren gazteei zuzendutako udalekuak antolatu ditu aurreneko aldiz UEMA udalerri euskaldunen mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin. 'Salto!' izendatu dituzte, UEMAk iaz, azken ikasturteotan garatzen ari den hezkuntza proiektua hezkuntza araututik aisialdira eramateko asmoarekin, antolatu zituen izen bereko topaketetan oinarritzen direlako. Egitasmo horren helburua da UEMAko herrietako ikastetxeetako ikasleen artean "hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia zabaltzea, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain".

Iazko gazte topaketetan hiru egun izan zituzten 15 eta 18 urte arteko gazteak elkar ezagutzeko eta "beraien artean euskara oinarri hartuta saretzeko". Zenbaitentzat iazko esperientziaren luzapena izango da aurtengoa, uztailean Zestoako Sastarrain aterpetxean astebete elkarrekin igaroko duten 50 gazteetatik 10 topaketetan parte hartutakoak izango baitira. Gainerako 40 plazak euskararen arnasguneetan (%80aren bueltako euskaldun kopurua duten udalerrietan, hain zuzen) bizi diren 15-18 urte bitarteko gazteentzako izango dira. Eskaerek eskaintza gainditzen badute, zozketa egingo da eskatzaileen artean, "lurraldetasun eta genero ikuspegiak zainduta". Izena eman dutenei maiatzaren 14an jakinaraziko zaie lekua lortu duten ala ez.

Inertziatik kontzientziara

'Salto inertziatik kontzientziara' da antolatzaileek ekimena iragartzeko darabilten esaldietako bat, euskararentzat horren garrantzitsuak diren arnasguneetan bizi diren gazteek euskararen sustapenean duten rolaz eta garrantziaz jabetu daitezen baita udalekuen helburuetako bat. Modu naturalean euskaraz bizi diren neska eta mutil horiek "ahalduntzea" eta euskararen erabileraren sustapenean "eragile aktibo" bilakatzea, hain zuzen.

"Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea da helburua"

"Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea da helburua" Josu labaka, uemako lehendakaria

"Euskararen erabileraren trinkotzean udalerri euskaldunek berebiziko garrantzia dute. Eta zer esanik ez bertan bizi diren gazteek"

"Euskararen erabileraren trinkotzean udalerri euskaldunek berebiziko garrantzia dute. Eta zer esanik ez bertan bizi diren gazteek" miren dobaran, hizkuntza politikarako sailburuordea

Ekimenaren aurkezpenean Josu Labaka UEMAko lehendakariak nabarmendu duen moduan, "bakoitzak erabakiko du nola jokatu, baina uste dugu garrantzitsua dela euskaraz bizi diren gazteen artean gogoeta eragitea eta kontzientzia piztea. Horrek efektu biderkatzailea izan dezake euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko". "Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea da helburua", adierazi du

Ildo beretik jo zuen "arnasguneak zaintzea eta indartzea" lehentasunetako bat dela gogoratu duen Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. "Euskararen erabileraren trinkotzean udalerri euskaldunek berebiziko garrantzia dute. Eta zer esanik ez bertan bizi diren gazteek", esan du Dobaranek, eta bi arrazoi nagusi eman ditu UEMAren egitasmoa babesteko: gazteen kontzientzian eragin beharra, ikusita ez datozela bat gero eta handiagoa den ezagutza eta neurri berean handitzen ez den erabilera, eta arnasguneek behar duten "zaintza eta babes berezia".

Miren Dobaranek gogoratu du "udalerri euskaldunetan bizi diren gazte horiek sare sozialetan-eta ere" bizi direla, eta askotan ez direla jabetzen "beraien errealitate soziolinguistikoaz. Horren kontzientzia hartu eta ahalduntzen badira, eragile aktibo bilakatzen badira, oso garrantzitsuak izan daitezke erabilera sustatzeko".

Datuak

Norentzat.
Udalerri euskaldunetako (biztanleen %80 inguru euskalduna, UEMAko kide izan edo ez) 15-18 urte arteko 50 gazterentzat.
Noiz, non, zenbat.
Uztailaren 10etik 17ra, Zestoako Sastarrain aterpetxean. 249 euro, dena barne.
Izena emateko.
Maiatzaren 9ra arte dago zabalik epea. 943 816 699 telefonora deitu (lanegunetan, 08:00etatik 15:00etara) edo hezkuntza@uema.eus helbidera idatzi behar da. Informazio gehiago ere hor eta uema.eus-en lor daiteke.

Garrantzi handikoak izan daitezke, esate baterako, eremu euskaldunenetako eta euskara gutxiengo argian dagoen herrietako gazteak nahasten dituzten 'Mingaina dantzan' udalekuek euren helburuak bete ditzaten lortzeko. Dobaranek aurreratu du segida izango dutela aurten iaz modu esperimentalean abiarazi zituzten udalekuek.

Zestoako Sastarrain aterpetxean elkartuko dira 'Salto! udalekuetan parte hartuko duten gazteak. Josetxo Mendizabal Zestoako alkateak aurkezpenean esan duenez, oso pozgarria da zestoarrentzat bertako gazteei eta Euskal Herri osotik bertaratuko direnei elkarrekin aritzeko aukera emango dien ekimena hartzea. Udalekuei buruzko xehetasunak UEMAko hezkuntza arduradun Jokin Urangak eman ditu. Eta, udalekuek helburu zehatz bat badute ere, primeran pasatzeko moduko egitaraua prestatuko dutela ziurtatu du.

Temas

Euskera