Pablo Astrain donostiarraren margolan batek irabazi du bederatzigarren Goiart-Ordizia saria

Lehiaketan 46 artistak hartu dute parte, eta bigarren saria Bergarako Amaia Santamariaren bideo instalazio batentzat izan da

Getxon bizi den Pablo Astrain donostiarrak irabazi du arte plastikoen aurtengo Goiart-Ordizia saria, 'Heuristica' margolanari esker. Goierriko saria Igor Rezolak jaso du, '24 ordu' bideo-lanarengatik. Obra guztiak Ordiziako Barrenan daude ikusgai urtarrilaren 11ra arte.

Lehiaketa honen bederatzigarren edizioa da. Pablo Astrainen lanari dagokionez, «obraren konposizioa, teknikaren erabilera, obraren egikera eta exekuzio ona» baloratu ditu epaimahaiak. «Konposizioaren plano desberdinen arteko oreka lortu du, eta ikuspegiaren, geometriaren eta figurazioaren joko bisuala sortu du, arreta behin eta berriz erakarriz».

Lehengo sariak 3.000 euro ditu berekin. Bigarren saria, 1.500 eurokoa, Bergaran bizi den Amaia Santamariaren 'Bizileku-Bizimodu' bideo instalazioak jaso du. «Lau hau saritzean beste bitarteko edo lengoaia garaikide batzuen presentzia» azpimarratu nahi izan du epaimahaiak, esperimentazio eta proposamen ausartagoak bultzatu nahian.

Udane Juaristi azkoitiarrarentzat izan da hirugarren saria, 900 eurokoa, 'Pershing Square' lanari esker. «Gertaera hutsal eta eguneroko baten konbertsioa, eta une anekdotiko bat bisio fotografiko eta inpresionista batekin» izozteko moduari erreparatu dio epaimahaiak Juaristi saritzerakoan.

Bestalde, Goierriko saria, 600 eurokoa, Igor Rezolarentzat izan da, '24 ordu' bideo lanarengatik.

Aurtengo sariketan 46 artistak hartu dute parte, gipuzkoarrak gehienak, 32 hain zuzen ere. 62 lan aurkeztu dituzte guztira: 34 pintura, 17 eskultura lan eta bestelako gutxi batzuk: bi argazki, bi serigrafia, bi collage, instalazio bat, estanpa grafiko bat, papiroflexia bat eta bi ikus-entzunezko. Lan guztien artean hautaketa bat egin dute antolatzaileek, eta 13 artistaren lanak ikusgai jarri dituzte Barrenan, urtarrilaren 11ra arte egongo dena. Arratsaldez soilik bisita daiteke, 18:00etatik 20:00etara. Hilaren 31n itxita egongo da, eta baita jai-egunetan ere.

Temas

Euskera