ONDORENAK

Karlos Linazasoro
KARLOS LINAZASORO

Garizuman sartu berriak garela gaztigatu dit Schopenek, artzain lagunak. Inauteri guztian ez dudala ikusi esan diot, ea txantxotu den. Hor zehar ibili dela esan dit, mozorroz itxuraldatua, bai, eta Kafkarenak ere egin dituela, edo, zuzenago esateko, Samsarenak. Orain berrogeialdia tokatzen dela, basamortua ere pasa beharra dagoela dena berera itzul dadin, atea bere errora eta zerua bere gardentasunera. Baietz esan diot, dolua edo minduria egin beharra dagoela, arropa zikinak erantzi, udaberriko goxo-goxoak atzera janzteko. Irritxoa egin dit, maliziatsu, auskalo zer haratuste-klase egin duen alproja honek. Eta atzo, hauster eguna pasa berritan, emakumearen eguna, bota du, belardira begira. Greba egin nuen atzo, Karlos, ez nintzen fabrikara joan. Tarteka-marteka, ardiak bere kasa utzirik, paper-fabrikara joaten baita Schopen. Ondo egin zuela esan diot, neu ere ez nintzela liburutegira joan. Berdintasuna da naturaren legea, lagun, eta gizonezkoak eta emakumezkoak ez gara berdinak oraindik ere, eta gezurra dirudi. Laster bukatuko dela kontu hau erantzun diot, etorkizuna emakumeena da. Horixe bai dela emakumeena!, bota dit, gizonezkook nahikoa dugu futbola ikustearekin. Horixe da gure droga, horrexekin gauzkate tontotuta eta otzanduta eta bigunduta eta zeharo ergelduta! Emakumea gu baino askoz ere azkarragoa da, Karlos, argiagoa, biziagoa, eta indartsuagoa ere bai! Baietz egin diot buruarekin, arrazoi duela, eta horrexegatik diogula beldur, horrexegatik ez ditugula nahi aginte-lekuetan eta abarretan. Schopen isil-isilik gelditu da hodei sarriei begira, pentsakor.