'Gure ondarea'-ren balioa ikasi eta erakusteko

San Andres eskolako ikasleak/Zumalakarregi Museoa
San Andres eskolako ikasleak / Zumalakarregi Museoa

Ormaiztegiko San Andres eskolako bosgarren mailako ikasleek sortutako erakusketa ikusgai izango da Zumalakarregi Museoko aldi baterako erakusketen gelan datorren apirilaren 12ra arte

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

'Ondarea' «gurasoengandik jasotzen diren ondasunen multzoa» izan daiteke Euskaltzaindiaren hiztegiaren arabera. Baita ere, «norbaitek une jakin batean dituen ondasunen multzoa», edo «herri batek arbasoengandik jasotzen dituen ondasunen multzoa». Hain zuzen, 'ondarea' zer den, eta nola irudikatu landuz, erakusketa egin dute Ormaiztegiko San Andres eskolako bosgarren mailako ikasleek. Zumalakarregi Museoan daude ikusgai hautatu dituzten objektuak.

Haurrek ondare kulturala nola ulertzen duten, non ikusten duten lantzeko, eta honen babesaren sustatzea helburu, saio ezberdinetan garatzen den tailerra egin dute museoak ondare kulturala lantzeko.

Antolatzaileek azaldu dutenez, «haur baten ondarea bere objekturik preziatuena izan daiteke, 3 urtetatik duen panpina edo bere aurretik anai-arrebak erabilitako haur mantatxoa». Zumalakarregi Museoak, tailerrari amaiera biribila emateko prestatu du erakusketa.

«Ikasleen inplikazioa oso altua izan da, proiektuaren amaieran erakusketa bat egingo dela jakitea motibazio handi bat baita gaia lantzerakoan» dio Eider Arruti Zumalakarregi Museoko hezkuntza arduradun eta tailer honen koordinatzaileak.

Inaugurazioan bideo bat proiektatuko da, ikasleek beraiek hautatutako objektua erakutsiz, eta beraientzat ondarea zergatik den azalduz: beraien aurpegia agertzen den liburu batetik hasita aitonak hil aurretik emandako erlojura arte.

'Gure ondarea' ikusgai egongo da Zumalakarregi Museoko aldi baterako erakusketen gelan datorren apirilaren 12ra arte.

Temas

Euskera