Neguko denboraldia ixteko, Victoria Eugenian egingo du geldialdia EGOk

'Magnificat' eta '5 meditations for Orchestra' obrak taularatuko dituzte euskal hiriburuetan/
'Magnificat' eta '5 meditations for Orchestra' obrak taularatuko dituzte euskal hiriburuetan

Euskal Herriko Gazte Orkestrak hiru piezaren inguruan prestatu du ikuskizuna, eta gainera, Euskal Herriko Gazte Abesbatza sortu berria orkestrarekin batera arituko da bukaera aldera

Urtarrilaren 3an Donostiako Victoria Eugenia antzokian ikuskizuna egingo du EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak neguko denboraldia ixteko. Arratsaldeko 20:00etan izango da emanaldia. Gainera, Euskal Herriko Gazte Abesbatza sortu berria orkestrarekin batera arituko da kontzertuaren bigarren zatian. Jarraian, hilaren 4 eta 5ean, Gasteiz eta Bilbon izango dira Rutter-en 'Magnificat' eta '5 meditations for Orchestra' obrekin.

Musika errepertorioa John Rutter-en obran eta horren 'Magnificat' ospetsuan oinarrituta prestatu du EGOk. EOSeko, Musikeneko eta Europa Galanteko zenbait irakaslek prestatu dute 43 musikarirekin, eta Juan José Ocon donostiarra izango da zuzendari.

Hiru piezaren inguruan prestatu dute ikuskizuna. Hasteko, Juan Crisóstomo de Arriagaren 'Sinfonia re minorrean'; gero, Juan Crisóstomo de Arriagaren 'Esklabo zoriontsuen obertura'; eta azkenik, Carl Stamitzen 'Biolarako eta orkestrarako kontzertua'. Maria Rallo izango da bakarlaria.

Dantzaz konpainiak lagunduta burutuko dute 'Esklabo zoriontsuen obertura' ikuskizuna. 12 dantzari egonkorrez osatutako konpainia da, eta urtero gonbidatzen dituzte sortzaileak konpainiarentzat berariaz prestatutako pieza eta ekoizpen laburrak sortzera. Egun, Martin Harriague da bertako koreografoa.

EGOk, aurtengo neguan, abenduaren 22tik urtarrilaren 5era bitartean egingo ditu topaketak, Eibarko hezkuntza-esparruan, eta kontzertuekin amaituko dute denboraldia. Horien bidez, Orkestrak 20 urteko zikloa itxitiko du; hain zuzen ere, hogei urte badira eta jada Euskal Herriko Gazte Orkestra sortu zela, 1997an. Musika sinfonikoko eta ganbera-musikako 150 kontzertutik gora eskaini dituzte, nazioarteko biretan dozena-erdi herrialde bisitatu, eta 1.000 gazteren partaidetza ere izan dute.

Euskal Herriko instrumentista gazteei orkestrarako prestatzen laguntzeko asmoz sortu zen Euskal Herriko Gazte Orkestra, arlo profesionalean sartzeko arte-maila handiko bidea izatea ditu helburu.

Temas

Euskera