Borrar
Txomin-Eneako lanak, maiatzean. IÑIGO SÁNCHEZ
Naturan inspiratu, klima aldaketari aurre egiteko

Naturan inspiratu, klima aldaketari aurre egiteko

Neikerrek eta Tecnaliak gida bat landu dute, hirigintza planifikatzeko ardura dutenei proposatzeko klima aldaketa arintzeko eta horretara hobeto egokitzeko metodologia

Sábado, 7 de julio 2018, 12:22

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Gutxi batzuk ukazioari eusten badiotek ere, azkar ari da aldatzen klima, eta aldaketa horietako zenbait gizakiaren jardunak eragiten ditu zuzen-zuzenean. Ondorioak ere pairatzen ditu, gainerako espezieek bezala. Klima aldaketari aurre egiteko, naturari begiratu diote Neiker-Tecnalia nekazaritza ikerketa eta garapenerako euskal erakundeak eta Tecnalia Research and Innovation korporazio teknologikoak, eta naturan inspiratutako irtenbideak bildu dituzte 'Irtenbide naturalen eraginkortasuna ebaluatzeko eta diseinatzeko gida, klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko neurri gisa' izenburu luzea duen gidan.

Hiru ingurunean sortzen diren auziei erreparatzen die nagusiki gidak, eta hirigintza planifikatzeko ardura dutenei zuzentzen zaie batik bat. Lanaren helburua da, hain zuzen, «tokiko administrazioei metodologia bat ematea, irtenbide naturalen onura ugariak eta eraginkortasuna ebaluatzeko, toki mailan klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko neurri gisa». Gainera, gidaren edukiak hirigintza planifikatzeko prozesuetan integratzeko proposamen bat ere aurkeztu dute.

Bi erakundeek jakinarazi dutenez, «gidak azterketa material lagungarria, metodologiak, tresnak eta azterketa kasu baten adibideak eskaintzen ditu, ebidentziak sortu ahal izateko, irtenbide naturalak ezartzeko erabakiak zuzen hartzeko». Eragingo lituzketen onuren kalkulu kuantitatiboak planteatzen dira, muturreko tenperaturei, uholdeak kontrolatzeari, karbonoa harrapatzeari eta biodibertsitateari dagokienez. Gainera, hainbat eskala proposatzen dira -auzoa eta hiria-, eta naturan oinarritutako irtenbideek eskaini lezaketen onura bakoitzaren balorazio indibiduala zein integratua aurkezten da.

Kasu praktikoa Donostian

Erakundeon iritziz, klima aldaketaren gaur egungo testuinguruan, «ezinbestekoa da hirigintza plangintzaren aldaketak hura arintzera eta egokitzera zuzentzea». Ildo horretan, irtenbide naturalak naturan inspiratzen diren esku-hartzeak dira, eta naturaren sistema konplexuen ezaugarriak eta prozesuak erabiltzen dituzte, hala nola karbonoa gordetzeko ahalmena eta uraren fluxua erregulatzea, gizarteei laguntzeko ingurumen, gizarte eta ekonomiaren erronkei aurre egiteko, modu iraunkorrean (besteak beste, muturreko gertakarien ondorioen arriskua murriztea, pertsonen ongizatea hobetzea eta hazkunde berde sozialki inklusiboa lortzea).

Irtenbide naturalen adibideak dira estalki edo fatxada begetalak, eta beste elementu natural batzuk, besteak beste, espazio publikoko azpiegitura berdeak eta urdinak, udalerrietako parke eta natura guneekin konektatuta.

Neiker-Tecnaliak eta Tecnaliak egindako gida NaturAdapt proiektuan kokatuta dago, eta Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren babesa dauka, Biodibertsitate Fundazioaren bitartez.

Gainera, proiektuan kasu praktiko bat landuko da Txomin-Enean, Donostian. Eremu hori Urumea ibaiaren arroan dago, eta, horrenbestez, espazioak hiriaren etorkizunerako aukerak eskaintzen ditu eta garrantzi handiko potentzial paisajistikoa eta ekologikoa dauka.

2017an hirigintza eraldaketa bati ekin zitzaion Donostiako gune horretan. Bere oinarrian zegoen urbanizazioaren lur arraseko maila orokorra goratzea, urtez urte auzoak nozitzen dituen uholdeak saihesteko. Maila igota, urbanizazioaren beraren esparruan eta ibilguaren esparruak mugatuko dira, ibaiertza aldizka gertatzen diren uholdeetarako lautada moduan utzita.

Gida Donostiako klima aldaketara egokitzeko batzordean kontrastatu da, baita Iraunkortasunaren aldeko Nafarroako Tokiko Erakundeen Sarearekin batera ere.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios