Maiatzaren 3tik 12ra Oiartzunen izango da Gure Zirkua

Zirkua ostatzen duen lantaldea, iazko birako irudian/Iñigo Royo
Zirkua ostatzen duen lantaldea, iazko birako irudian / Iñigo Royo

«Ahalegin berezia» egingo dute oraindik heldu ez den eskualde eta lurraldeetara iristeko; oraingoz, Berrizen eta Gasteizen ere izango direla aurreratu dute. Eskuragarri daude sarrerak

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Gure Zirkuak maiatzaren 3an ekingo dio 2019ko birari, Oiartzunen. Gero, Berrizen (Bizkaia) eta Gasteizen egingo ditu lehen geldialdiak. Joan den urtean bezela, aurten ere Gure Zirkuak Euskal Herriko txoko ugaritara eramango ditu «karpa azpiko diziplinek berarekin dakarten magia, lilura eta alaitasuna». Oraingoan «ahalegin berezia» egingo du oraindik heldu ez den eskualde eta lurraldeetara iristeko.

Azken udako fenomeno nagusietako bat izan da Gure Zirkua, Iker Galartzak sortutako euskarazko lehen zirku ibiltaria. Ikuskizunari dagokionez, zirku klasiko baten osagaiak ditu: bikote xelebre batek egingo ditu aurkezle lanak (Poxpolo eta Don Martin) eta ikusleen algarak eragingo dituzte; magoak eta malabaristak izango dira, trapezio eta oihaletatik zintzilikatuta mugimendu ikusgarriak egingo dituztenak eta abar. Hamabi artista guztira. Ordu eta erdiko ikuskizuna da.

Horrela, iaz egindako lehen biran 25.000 ikusle baino gehiago erakarri ondoren, Gure Zirkua prest da bigarren birari ekiteko. «2018an jasotako erantzun bikainak hauspotuta eta neguko atsedenaldiak indarberrituta hasiko du 2019ko bira lehen euskal zirku ibiltariak», adierazi dute.

Leku berrietan izateko desira horren isla da, azaldu dutenez, Gure Zirkuak 2019an bira abiatzeko aukeratutako lehen geldialdiak: Oiartzun (maiatzaren 3tik 12ra), Berriz (maiatzaren 17tik 26ra) eta Gasteiz (maiatzaren 31tik ekainaren 15era), hain zuzen.

Hala, Gure Zirkua lehenbiziko aldiz iritsiko da Oarsoaldera, Durangaldera eta Arabara. Iaz Donostian egindako geldialdiaren ondoren Gasteiz izango da zirkuak zapalduko duen bigarren hiriburua.

Arduradunek jakinarazi dutenez, salgai dira jada hiru udalerri horietako emanaldietarako sarrerak www.ticketea.com atarian.

Temas

Euskera