Luzatu egin dute transmedia irakurketa klubean parte hartzeko epea

Luzatu egin dute transmedia irakurketa klubean parte hartzeko epea
GALTZAGORRI

Abenduaren 26tik 28ra egingo diren saioetara bildu nahi diren 8 eta 12 urte bitarteko haurrek hilaren 14a arte eman dezakete izena

Abenduaren 14ra arte luzatu dute Orona Fundazioak eta Galtzagorri euskal haur eta gazte literatura elkarteak elkarlanean antolatzen duten 'KlisKlasIK' transmedia irakurketa klubaren bigarren edizioan izena emateko epea. Liburua, ahotsa eta marrazteko tresnak batetik eta tablet, ordenagailu eta sakeleko telefonoak bestetik, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako euskaraz eta euskarazko haur literatura oinarri hartuta bigarren transmedia kluba Orona Fundazioaren eraikinean (Galarreta, Hernani) abenduaren 26, 27 eta 28an egingo da.

Lau orduko saioak izango dira, 9:00etan hasi eta 13:00ak arte, eta gehienez ere 15 kide onartuko dira. Hiru saioetan parte hartzeagatik 60 euro ordaindu behar dira. Izena emateko hona jo behar da. Informazio gehiago, berriz, 943 471 487 telefono zenbakian edo administrazioa@galtzagorri.eus helbidean lor daiteke.

Transmedia irakurketa klub honek Galtzagorri elkarteak 2014. urtean sortu zuen Klis-Klasikoak app bildumaren azken Appa izango du oinarri: 2018an jaio den eta laster eduki berriz hornituko den 'Amattoren Uzta App'-a, hain zuzen. Baita app horrek oinarri duen Mayi Ariztiak idatzi, Patxi Zubizarretak eguneratu eta moldatu eta Maite Gurrutxagak ilustratu zuen 'Amattoren Uzta' (Alberdania, Erein, Igela, 2012) ere. Beraz, bigarren edizio honetan ere Euskarazko haur literatura oinarri hartuta euskarri ezberdinak erabiliko dira haurren irakurzaletasuna eta sormena sustatu eta literatura dibertsioarekin lotzeko asmoz.

Uztailean egin zen lehen transmedia klubean bezala, bigarren honetan ere haurrek gidari izango dituzte Patxi Zubizarreta idazlea, Maite Gurrutxaga ilustratzailea eta Oreka Interactive S.L. enpresako kide Imanol Erauskin. Hortaz, Euskal Haur eta Gazte Literaturan zein bideojoko eta app-en esparruan ibilbide handikoak diren profesionalek dinamizatuko dituzte klub honen hiru saioak.

Temas

Euskera