Kukai konpainia ere bilduko da Erromeria Egunera

'Gelajauzia' ikuskizuneko zati bat eskainiko dute Errenterian./USOZ
'Gelajauzia' ikuskizuneko zati bat eskainiko dute Errenterian. / USOZ

Errenterian egingo den festaren XX. edizioan, emanaldi labur bat eskainiko du Gamon Zumardian larunbatean, uztailak 14

Datorren larunbatean, uztailak 14, Errenterian egungo den Erromeria Eguna berezia izango da, hogeigarren ediziora iritsi baita Ereintza Dantza Taldearen ekimenez sortutako festak. Urterik urte osatzen, indartzen eta gero eta jende gehiago erakartzen doan jaiak badu azken orduko sorpresa bat. Hain zuzen ere, Ereintza Danta Taldearekin -hantxe hasi zen dantzan umetan- lotura estu-estua duen Jon Maia errenteriarrak sortutako Kukai Dantza Konpainiak bat egingo du Erromeriarekin, antolatzaileek ohar baten bidez jakinarazi dutenaren arabera.

«Osatutako egitarau potoloarekin nahikoa ez, eta azken momentuan Erromeria Egunean beste emanaldi berezi bat izango dugu. Kukai Dantza Konpainia festara batu nahi izan da, eta herri dantzen inguruan egindako lanari esker on bezala emanaldi txiki bat eskainiko du», azaldu dute. Kukaik 13:00etan ariko da Gamon Zumardian, 'Gelajauziak' ikuskizuneko pasarte pare bat eskainiko dituztelarik. Izan ere, 2015ean bi Max sari irabazi zituen ikuskizuna oso aproposa da egunerako, jauzien eta soinu zaharren ingurukoa baita.

Festa, dena den, askoz ere lehenago hasiko da. Goiz osoan zehar arituko dira herriko kale eta plazetan barrena trikitilariak, txistulariak, gaiteroak, joaldunak, Kataluniako castellerrak eta Aiko taldea, besteak beste. Castellerak, alegia, Kukairen aurretik eskainiko dute saioa, 12:45ean, eta Aikok ondoren, 13:15ean.

Arratsaldeko saioei dagokienez, Andoitz Antzizar, Arkaitz Miner, Iñaki Letamendia eta Quico Pugesen eskutik dantzaldia izango da gonbidatu bereziekin: Maider Zabalegi, Maixa Lizarribar, Asier Gozategi eta Itsaso Elizagoien.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos