KUIA ETA PIPERRA, BI NOBEDADE

FELIX IBARGUTXI

Hemen jende asko biltzen da txuletaren usainera, baina kongresuko ferian izaten da produktu begetalak eskaintzen dizkizunik ere. Eskailera jaitsi orduko Austriako gizon dotore batekin egin dut topo. Plater batean, kolore ilun samarreko olioa dauka, eta aldamenean kuia batzuen argazkiak. - Dastatu nahi duzu?, galdetzen dit gaztelania ederrean. Eta, halaxe,hizketan hasten gara. Bernhard Anzboeck du izena eta, bere lehengusuarekin, hura ere Anzboeck, kuiaren haziekin olioa egiten du. «Espainian bi aste baino ez daramat, eta ezagutzera ematera etorri naiz. Horrelako olioa, Austrian bakarrik da ezaguna. 1980ko hamarkadan hasi ziren horretan enpresa batzuk. Haziak txigortu egiten dira, horregatik du kolore iluna. Olio hau ezin da berotu, entsaladetarako-eta da». Kuia hibrido jakin bat landatzen omen dute, biribil eta txapala, laranja koloreko azala daukana. Produktu guztiz berria da gurean. Adorea eta zortea beharko du gure austriarrak. Inork nahiko balu, hona marka: Los Anzi's Aurreraxeago, 'Mermeladas de Pemento de Herbón' delako erakusmahaia. Hango arduradunarekin hizketan gauza guztiz berri ikasten dut. - Jatorri deituraren izen ofiziala ez da Pimiento de Padrón, baizik eta Pimiento de Herbón. Padróngo udalerriaren barruan dagoen herrixka bat da Herbón, bertan monasterioa dago, eta hain zuzen ere monasterio honetara ekarri zuten fraide fran-tziskotarrek lehenengo piper-haziak, Mexikotik. Bi marmelada mota egiten dute. «Unha pica e outra non».