Korrikaren azken txanpa ere jendetsua

La Salle Legazpi ikastetxeko ordezkariek pozik eraman zuten 21. Korrikaren lekukoa Zumarragan. /Iñaki
La Salle Legazpi ikastetxeko ordezkariek pozik eraman zuten 21. Korrikaren lekukoa Zumarragan. / Iñaki

Gipuzkoako kostaldea eta hiriburua igaro eta gero, barnealdean ibili zen 21. edizioaren lekukoa

Elisa Belauntzaran
ELISA BELAUNTZARAN

Gipuzkoako herritarrek bat egin zuten 21. Korrikarekin atzoko bisitan. Kostaldea atzean utzi eta gero, bailara ugari bisitatu zuen edizio honetako lekukoak. Astigarragan egin zuen atzoko lehen kilometroa Oiartzunetik pasa ondoren. Handik, euskararen aldeko lasterketan parte hartzen zutenak Hernani, Urnieta eta Andoain barrena ibili ziren Tolosaldera sartu aurretik. Goizealdean jaso zuten lekukoa Villabonako lagunek, 3:30ak aldera. Korrikako lekukoak eta honen alde egin zuten korrikalariek ondoren Aduna, Alkiza eta Zizurkil aldera jo zuten, su artifizialekin eman ziotelarik ongi etorria. Ondoren, Iruran sartzeko, N-1 errepidetik igaro, eta Anoetako herritarrek hartu zuten lekukoa, Tolosarako bidea hartu aurretik. Lauretan iragarrita zegoen Korrika Tolosan eta atzerapen pixka batekin iritsi arren, giro ezin hobea egon zen euskararen alde egiteko gogoz. Bertako Panelfisa enpresak bere urteurrena ospatzen duela eta lekukoa hartu eta euren festa ospatu zuten Korrikarekin bat eginez. Enpresa sortu zenetik edizio guztietan egin duten bezalaxe, aurten 25 urte betetzen dituzte.

Tolosatik Alegia aldera jo zuen AEK-k antolatzen duen lasterketak. Altzotarrek, aurretik, euren zatia egin zuten, eta ondoren, alde zaharretik barrena igaro eta aurrera egin zuten alegiarrek. Gero, Ikaztegietako bizilagunen txanda izan zen lekukoa hartzeko. Tolosaldera agur esan eta gero, Korrika Goierrira sartu zen. Legorreta eta Itsasondo izan ziren hurrengoak. Beasaindik goizeko zazpiak aldera pasatu zen goiz giro freskoa zelarik. Ordizia, Lazkao, Idiazabal... ere zain zeuden lekukoa jasotzeko.

Jentilak ere Korrikaren alde!

Goierritarrak ere Korrikaz goza-tzeko gogoz zeuden eta txanda etorri zitzaien. Goizeko 5:57ak baino minutu gutxi batzuk lehentxeago sartu baitzen 21. Korrika Goierrin, Legorretako Ola aldean. Eredu kooperatibako langileak izan ziren eskualdean lekukoa hartzen lehenak. Herrietan jendetza batu zitzaion, goiz izan arren. Ilunpetik lainopera igaro zen, egunsentian, behe laino itxiak estali baitzuen Goierri behea. Egunak Beasainen argitu zuen Korrikarentzat. 10 km/h-ko abiadura -herri barruan moteltxeago-, gelditu gabe jarraitu zuen euskararen aldeko lasterketak aurrera Goirretik. Izan ziren lasterkarien artean Legorretatik Zeraineraino korrika egin zutenak eta baita, Lazkaotik Segurara. Bertan, udaletxean urte askoan lan egin eta aurten erretiratuko den Mari Karmen langileak eraman zuen lekukoa eta Segurako plazatik aurrera berriz, San Joan egoitzako egoiliar edadetu batek eraman zuen. Protagonista ugari izan ditu edizio honetan Korrikak. Horietako askok omenaldi txiki eta aitortza jaso dute 21. Korrikaren baitan. Irakasleak, ikasleak, suhiltzaileak, langileak, politikariak, kirolariak, gazte taldeak… Pertsonai mitologikoek ere ez zuten galdu nahi izan euskararen aldeko lasterekta eta Lazkaoko sarreran prest zeuden lekukoa hartzeko. Bertan, jentilek hartu zuten, zuziek argituta eta Jundajo txaranga giroa alaitzen zuen birtartean.

Gelditu gabe aurrera!

Bederatziak aldera ibilbidea Seguratik pasatu zen eta geroztik iparraldera egin zuen pittin batean, Urola Garaira, Zumarragara. Jarraian, berriro hego-mendebaldera, Legazpitik Oñatira. Debagoienara eguerdian heldu zen. Ordu bat eta erdietan pasatu zen Korrika Bergaratik; eta hiruretan inguru, Eibartik. Kirolarekin lotutako hainbat kilometro jazo ziren azken herri horretan; alde batetik, Korrika Euskal Herriko Itzuliarekin kointzidituko zuelako; eta bestetik, Eibar Kirol Elkarteak eta Aspeko pilotariek ere eraman zutelako lekukoa.

Ordu erdi gerorago, korrikalariak Bizkaira sartu ziren berriro Ermutik, eta Durangaldeako ibilbideari ekingo zioten: Elorrio, Atxondo eta Abadiñotik pasatu ziren, eta arratsaldeko zazpietan, Durangotik. Segidan, Iurretatik Zornotzara heldu ziren. Bertan, Udabarri dantza taldearen kilometroa, dantzan eginzuen. Arratiako ibilbidea Lemoan, AEK-ko irakasle batzuen seme-alabek eraman zuten lekukoa. Aurrerago, Lemoa eta Igorre artean, Madrilgo Korrikaren antzolatzaileek euren kilometroa egin zuten, Madrilen aterako diruarekin erosita. Ondoren, korrikalariak Igorren, Diman, Zeanurin eta Otxandion ibili ziren goizaldera. Gaur, azken-aurreko etapari amaiera emateko, lekukoa Gipuzkoan sartuko da berriro.

Akituta, baina pozaren pozez, Gipuzkoako azken orduei ekingo diote korrikalariek gaur eta Araban sartuko dira. Aurretik ibilaldia Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz-Gatzagatik pasatuko da 3:52tik 6:00ak bitartean. Goizaldeko seietan Legutiora ailegatuko dira; zazpietan Urbinara; eta, ondoren, Lukora eta Amaritara. Lasterketak Erretanatik jarraituko du, eta ondoren, Duranatik, Gasteizera sartu aurretik. Bertan amaituko da jendetsua eta alaitsua izan den Korrikaren 21. edizioa.

Temas

Korrika