Elin Haf Gruffydd
Elkarrizketa. ·
University of Wales Trinity Saint David unibertsitateko ikerlaria da Elin Haf, baita ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunaren aldeko Sarearen lehendakaria ere. Atzo, Azpeitian, euskaraz egin zituen bere lehen hitzak. Eta are harrigarriagoa dena: elkarrizketa honetarako ingelesez igorritako galderak, euskara hutsean erantzun ditu.
– Beste behin, Euskal Herrian...
– Beti pozten naiz Euskal Herrian egoteaz. 1991n etorri nintzen lehen aldiz. Orduan hasi nintzen euskara ikasten Galesen, Begotxu Olaizola eta Alan King zenarekin. Amezketako AEK Barnetegi batera ere joan nintzen. Geroztik, ikasten jarraitu dut. Galestarra naiz baina etorkizunerako itxaropen bera dugu zuek eta nik: gure hizkuntzetan bizitzea.
– Zein da galeseraren egoera?
– Galesen 3,1 milioi biztanle bizi dira 20.000 kilometro karratuko lurraldean. Euskal Herriaren antzekoa, beraz. 2021eko erroldaren arabera, 3 urtetik gorako 538.300 hiztun ditu galeserak; hau da, biztanleen %17,8k hitz egiten dute galesera. Landa eremuetan nahiz hiriguneetan, adinekoek nahiz gazteek erabiltzen dute hizkuntza hau.
– Alderatu al daitezke galesera eta euskara?
– Galesen, eskolan haurren %35ek soilik hitz egiten dute galesera, eta Euskadin, aldiz, askoz gehiagok hitz egiten dute euskara. Horrek esan nahi du gure hiztun kopurua ez dela handitzen, ez baitugu D eredua guztientzat. Euskal Herria aberatsa da Espainiaren barruan, eta pobreagoa Frantzian; eta Gales pobrea da Erresuma Batuaren barruan. Gainera, gazteen migrazioa arazoa dugu han. Bi hizkuntzentzat arnasguneak izateko politikak garatzea garrantzitsua da.
– Hemen, euskararekiko atxikimendua gaitasuna baino handiagoa dela diote adituek.
– Galeserarekiko jarrerak ere oso positiboak dira. Azken mendean zapalkuntza eta oposizioa jasan ditu. Noski, ez diktaduraren neurrira, euskarak pairatu bezala, baina bai bazterketa bizitza publikoan, administrazioan, hezkuntzan, merkataritzan... Jende askok galdu du hizkuntza azken hamarkadetan. Industria osteko eremu askotan, hiztunen ehunekoa %20tik beherakoa da. Eremu hauetan, gero eta espazio gehiago sortzen ari gara jendeak hizkuntza ikasi eta erabiltzeko.
– Nola?
– Adibidez, kirola garrantzitsua da nazioa batzeko. Gaur egun, gure nazioarteko futbol selekzioek (gizonezkoek zein emakumezkoek) galesera askoz gehiago erabiltzen dute lehen baino. Hizkuntza horrek batzen gaitu.
– Kirola. Zer gehiago?
– Hizkuntza politikak behar dira arlo askotan: ekonomian, lantokietan, komunitatearen garapenean, etxebizitzan, hiri eta lurralde plangintzan, berdintasun-aniztasun-inklusioan, hezkuntzan, hizkuntza plangintzan...
– ... eta teknologia berrietan...
– Eduki digital asko dago euskaraz eskuragarri, baina ez da nahikoa hiztunek edukia aurkitzea, edukiak hiztunak aurkitu behar ditu. Hizkuntza-plangintza eraldatu behar dugu. Klima-larrialdiarekin nola, hala jardun behar dugu hizkuntzen krisiarekin.