Kepa Sarasola, UEUko zuzendari berria

Kepa Sarasola./UEU
Kepa Sarasola. / UEU

UPV/EHUko Informatikako irakaslea da 1981tik, eta 1980. urteaz geroztik dabil UEUn lanean, eginkizun desberdinetan

Kepa Sarasola Gabiola (Begoña, 1958) da larunbataz geroztik UEUko zuzendari berria, Udako Euskal Unibertsitatearen batzar nagusiak hala erabakita. Zientzia Fisikoetan lizentziatua da (1980) eta doktore Informatikan (1988). UPV/EHUko Informatikako irakaslea da 1981tik, non irakasle osoa den 2016tik Lengoaia eta Sistema Informatikoak sailean. Fakultateko dekanoa izan da 2014tik 2017ra. Euskararen prozesamendu automatikoa lantzen duen Ixa Taldearen sortzaileetako bat ere bada. 1980. urtetik UEUn lanean dabil, eginkizun desberdinetan. Iñaki Alegriari hartu dio erreleboa, eta haren antzekoa du ibibidea, biak baitira informatikariak, fakultate bereko irakasleak, eta UEUn antzeko ibilbidea egindakoak.

Hortaz, onartu du neurri batean badela "zuzendari kontinuista": "Kontinuista izan behar da lorpenak egiten direnean eta ekipo osoa sendo dabilenean talde eragilea, sailburuak, sailak eta lan-taldea. Oso indartsu dabil UEU ohiko jardueratan. Eta euskarazko on-line unibertsitate bat sortzeko aukera historiko bat dugu, aurreko zuzendaritzak ondo planifikatu du, babesak sendoak lortu ditu".

"Belaunaldien arteko zubi-lana" egitea da Sarasolaren asmoetako bat: "Belaunaldi gazteagoari alfonbra jarri, horrela hemendik 3 urtera baten batek lekukoa har dezan". Zuzendari berriaren ustez, une honetan UEUren erronka nagusiak dira "irakasleak formatzeko masterra 2019/20 ikasturtean martxan jartzea eta on-line graduak lantzen jarraitzea".

Epe luzeagora begira, ordea, bestelako egitekorik ere badu UEUk, "euskaraz dabilen unibertsitate ez-elitista bat sortzeko motorra eta legamia" baita. Orain arte huts egin dute Euskal Unibertsutatea sortzeko saioek, egiteke jarraitzen du. Zaila dela onartu du Sarasolak, eta dio "instituzioetan ausardia falta" izan dela "azken momentuan apustua egiteko".

Horren faltan, eta hori iritsi zain, on-line unibertsitatearen proiektuaren garrantzia nabarmendu du. "Ez da Euskal Unibertsitatea baina hurrengo urrats garrantzitsu bat izan daiteke. Oso aukera ona da hutsune bat betetzeko. 18 urteko ohiko ikasleentzako eskaintza badago euskaraz, baina ikasgeletara joan barik etxetik ikasi nahi duenarentzat ez. Proiektu berritzaile garrantzitsu bat definitu dugu, eta aurrera atera dezakegu zentzuzko kostu mugatuarekin", adierazi du.

 

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos