Kathrine Switzer, DeustoForum Gipuzkoaren 'Emakumeak leman' zikloan

Igandean Behobia/San Sebastian amaitutakoan egindako argazkian, Kathrine Switzer eta Aroa Merino lasterketaren irabazlea. /EFE
Igandean Behobia/San Sebastian amaitutakoan egindako argazkian, Kathrine Switzer eta Aroa Merino lasterketaren irabazlea. / EFE

Astearte honetan Donostian egingo den jardunaldian Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Jabier Muguruza musikari eta idazleak eta Maialen Lujanbio bertsolariak ere hartuko dute parte

Astearte honetan, azaroak 13, DeustoForum Gipuzkoak antolatutako 'Pioneras – Emakumeak leman' hitzaldi zikloan parte hartuko du Kathrine Switzerrek, kirolean emakumeen berdintasunaren aldeko borrokan erreferente ezagunak. Behobia/San Sebastian lasterketa dela eta Donostian dagoen Switzerrek bere kirol esperientziaz hitz egingo du, berdintasunaz, eta bizitzako filosofiaz.

Jardunaldiari hasiera Felix Arrieta DeustoForum Gipuzkoako zuzendariak eta Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak emango diote. Ohorezko gonbidatua hitz egiten hasi aurretik, Jabier Muguruza idazle eta musikariak 'Kathrine Switzer' abestia abestuko du, orain dela urte batzuk maratoi korrikalari ospetsu honi eskaini ziona. Ondoren, Kathrinek hartuko du hitza eta hitzaldiaren ostean, solasaldia izango da, Alazne Mujika Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko irakasleak gidatuta. Jardunaldian lehenengo Balioak Kirolean Deustu saria emango zaio Kathrine Switzeri eta Maialen Lujanbiok, amaitzeko, bertsoak eskainiko dizkio. Ekitaldia Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Loiola Centrum-en izango da, 9:30etik aurrera.

Kathrine Switzer Ambergen, Alemanian, jaio zen 1947an, baina Ameriketako Estatu Batuetan nazionalizatu zen. Maratoi bat dortsalarekin korri egin zuen lehenengo emakumea izan zen. Bostonen egin zuen hori, 1967an, artean proban parte hartzeko aukera gizonek besterik ez zutenean. Galarazita egon arren, Kathrinek proba 4 ordu eta 20 minututan bukatu zuen eta lorpen horrek erreferentzia bihurtu zuen emakumeen kirolean. 1974an, New Yorkeko maratoia irabazi zuen; 1975ean, Bostongoan bigarren gelditu zen, bere markarik onena lortuta: 2 ordu, 51 minutu eta 37 segundo.

Deustuko Unibertsitateak ekitaldiaren berri emateko zabaldu duen oharrean dioenez, «kirola, bizitza osasungarrirako bidea izateaz gainera, balio eskola paregabea da. Kathrine Switzer DeustoForum Gipuzkoara ekartzeak are gehiago indartzen du Deustuko Unibertsitateak kirolarekin eta genero berdintasunarekin duen konpromisoa».

Temas

Euskera