Borrar
Narcisa eta Rizwan, Ibarrako Bizi Nahi tabernaren barran. Iñigo Royo
«Kaixo, Rizwan eta Narcisa gara, zer nahi duzu?»

«Kaixo, Rizwan eta Narcisa gara, zer nahi duzu?»

Egokitzapena. ·

Pakistandik eta Errumaniatik etorri arren, euskaraz egiten diete bezeroei Ibarrako Bizi Nahi tabernako arduradunek. Hala, harridura sortu eta aurreiritziak puskatzen dituzte

Gaizka Lasa

San Sebastián

Lunes, 24 de febrero 2025, 00:01

Bistan da ez dela Euskal Herrian jaioa. Hazpegi kanpotarrak dauzka. Asia hegoaldeko herrialderen batekoa dela kopetan idatzita darama. «Nola eskatuko diot honi zerbait euskaraz?», pentsatu du bertako bezeroak. Baina hara non, mostradorearen beste aldetik irribarrea ez ezik agurra ere jaso du bere hizkuntzan. «Arratsalde on. Ze mouz egune? Ze nahi zu?». Ibarran, pakistandar batekin, eta azkoitiar tankerako euskaraz. Euskara traketsa, baina euskara. Hau marka!

Bizi Nahi tabernako arduradunak hizkuntza aurreiritzi guztiak apurtu ditu. Jon deitu dio eserita dagoen beste bezeroak. Hori ere sinestezina. Hemen zer pasatzen den jakin nahian, galdezka hasi gara. «Zuk galdeu edo nik soltauko dena?», dio tabernariak. Harrituta, nahi bezala hasteko eskatu diogu:

«Ni Rizwan Ali naiz, eta Pakistangoa naiz. Etorriko naiz 2010ean Azkoitin. Beno, lehenengo sei hilabete pasako naiz Gasteizen eta gero ia Azkoitin. Hamar urten bizi nintzen, ta lanien, ta jendia ezautzen ta dana. Azken bi urtetan hemen Ibarran. Beti tabernan jendiakin tratue eta gustatzen. Udaletxiak pixkat lagundu eta nik hartu lokalie, jubilatuen tabernan. Daukat Kebaba baita eta beti zaharrak hemen etorri ta hitzein pixkat, gustore».

Kartetan dabilen amona kuadrilako bozeramaileak, Asun Ibarbiak, muturra okertu eta «ez du ondoegi hitz egiten» ohartarazi digu, baina hala ere «seme-tzat dugula» onartu. Euskaldun artean integratzeko ahaleginaren eredu da Jon. Kalea izan du eskola. «Normalian lehenengo urtetikan jendiakin kalian hi-tzein, jende zarrakin. Ni lanik gabe ta benga, kalian pixkanaka ezautzen. Ta ikusi jendia beti euskaraz ta nik ez ulertu. Ta irakurri pixkat ta galdeu ta galdeu, ta langiliakin eon, ta horrela. Uain kostunbria ta jendia harritu. 'Tú sabes hablar euskera?', galdetzen. Ni beti esandet kanpokuei, latinoei, horrentzako errexa ziok, baina gutzat ez inposiblea».

«Lagundu egiten zioagu»

Zoriontsu ematen du dagoela. «Familia batekin bezela. Hori dek. Pozten nauk hemen eotia». Eta pozten dira bertaratzen diren herritarrak ere. Jubilatuak batetik. «Honek Azkoitian ikasi dik euskaraz eta guk bezalaxe egiten dik», dio Dionisiok. Eta Ramonek gaineratu: «Asko eskertzen diagu, eta lagundu egiten zioagu, hobetu dezan».

Bestetik, gazteak ere gustura. Marijoren esanetan «ireki zutenean etorri eta lehenengo galdera, atzerritarra zela ikusita, erdaraz egin genion. Konturatu ginen, ordea, nahiz eta guk gazteleraz eskatu, berak euskaraz erantzun nahi zigula. Arraroa egin zitzaigun baina eskertzekoa da. Ikustekoa da nola saiatzen den egunerokotasunean beti euskaraz egiten».

Juan Bautista Barriola harategiko arduradunak ere maiz egiten du tabernara bisita eta pozik kontatzen du nola ezagutu zuen Jon. «Ez zait ahaztuko. Hemen aurrean kotxea aparkatu eta, atera zenean, euskaraz egin zidan agurra eta galdera ea OTA jarri behar zen han. Pakistandarra eta azkoitiarrez! Erabat harrituta utzi ninduen. Egunero etortzen gara kafea hartzera eta beti euskaraz aritzen gara. Eskertzen da».

Rizwan 23 urterekin etorri zen Euskal Herrira. Artean ez zekien ez euskaraz, ezta gazteleraz ere. Urdua du lehen hizkuntza. «Zerotik hasi naiz. Lan bila, etxe bila, lagun bila, familia bila... Eta hasieratik beti boluntario: karitasekin, proyecto hombre, jendia lanian lagundu».

Helburu guztiak lortzeko bidean da. Azpeitian hamar urte egin ditu lan fabrika batean. Bikotea ere topatu zuen Azkoitian eta gaur bost urteko alaba eta urtebeteko semea dauzkate, bat ikastolan eta bestea taberna aurrean dagoen haurtzaindegian. Enpresa utzi eta taberna hartu zuen neska-lagunarekin Tolosan. Handik Ibarrara salto.

Narcisa Farcas du izena bikotekideak eta errumaniarra da. Berak errazagoa izan zuen euskara ikastea. Sei urterekin etorri eta Azkoitiko ikastolara joan zen. «Gurasoekin batera zortzi anai-arrebak etorri ginen. Aitak igeltsero egiten zuen lan eta gure-tzat hizkuntza ondo pasatzeko tresna zen ikastolan nahiz kalean». Meritu osoa ematen dio senarrari. «Nik ez nion erakutsi euskara. Gure artean gazteleraz egiten genuen hasi ginenean. Orain, bezeroak eta umeak tarteko, euskaraz gehiago».

Orain ez du inork galdetzen zein hizkuntzetan eskatu behar duen kafesnea, kaña edo dena delakoa. Tabernariek euren ematen dute bidea. «Rizwan eta Narcisa gara, zer nahi duzu?». Pakistandik eta Errumaniatik etorrita ere, euskaraz.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Kaixo, Rizwan eta Narcisa gara, zer nahi duzu?»